Haizetara jaialdiaren 18. edizioa aurkeztu du Amorebieta-Etxanok
Herrialde desberdinetako zortzi talde lehiatuko dira.
Ostegun honetan goizean, ekainaren 19an, aurkeztu egin du Amorebieta-Etxanoko Udalak dagoeneko tradizionala den Haizetara kaleko musika jaialdiaren 18. edizioa. Asteburu honetan ospatuko da, hilaren 20tik 22ra, eta herriko kaleak erritmoz, kolorez eta energiaz beteko ditu. Jaialdian herrialde desberdinetako zortzi talde lehiatuko dira.
Edizio internazionala eta anitza
2025erako hautatutako taldeek Erresuma Batuko, Frantziako, Suitzako, Estatu Batuetako eta Estatuko hainbat tokitako doinuak ekarriko dituzte. Talde bakoitzak lau emanaldi eskainiko ditu udalerriko hainbat gunetan, jazza, funka, Balkanetako metalak, cumbia, popa eta musika elektronikoa bezalako estiloak nahastuz.
Edizio honetan parte hartuko duten bandak hauek dira:
- The Brass Funkeys (Erresuma Batua)
- Undertow Brass Band (Estatu Batuak)
- La Revuelta (Suitza)
- Zygos Brass Band (Frantzia)
- Los Fugitivos (Ciudad Real)
- Suck da Head (Frantzia)
- Goxo Txaranga (Iruña)
- Cornelius (Frantzia)
Horrez gain, izango dira, baita ere, lehiaketatik kanpo arituko diren hainbat talde, hala nola, Mutil Gazteak, Txaranga Txorongo, El Despiste, Sama Siku, La Tuna, Malatxo, Mauxita Band, Battuere Batukada eta EuskOrleans & Kukai Dantza Taldea.
Amorebieta-Etxanoko 9 gazte kontratatuta, gazteentzako lan-poltsaren bidez
Gainera, herriko 9 gazte kontratatu dira jaialdian lan egiteko, Udalak ZUOK ekimenaren baitan bultzatutako gazte enplegu poltsari esker. Ekintza honen helburua da gazteen enplegua sustatzea, Haizetara bezalako lehen mailako kultur ekitaldi batean esperientzia profesionala irabazteko aukera emanez.
Programazio nabarmena
Jaialdia ostiralean hasiko da, hilak 20, 19:00etan, Zelaieta parkean egingo den taldeen aurkezpenarekin. Ondoren, kontzertu ugari izango dira herriko hainbat gunetan, hala nola Andra Mari, Gernika, Arraibi, Euskal Herria, Kalbario eta Zubiondo plazetan, Zezilia Gallartzagoitia eta Sabino Arana kaleetan, Harrison hotelean eta Amorebieta-Etxanoko beste hainbat txokotan.
Larunbatean eta igandean, eguerditik goizaldera arte eskainiko dira emanaldiak eta jardunaldi bakoitza Nirma Quintet taldearen “Jam Session” saioarekin itxiko da.
Sariak eta bozketak
Jaialdia igandean amaituko da, hilak 22, 13:00etan, Zelaieta parkean egingo den sari banaketarekin. Lau sari emango dira:
- Bandarik onena (15.000 €).
- Instrumentistarik onena (1.000 €).
- Publikoaren saria (4.000 €), online bidez bozkatuta.
- “Aupa Gazteak – Bertsio onena” saria: Aurten, SDAren 100. urteurrena dela eta, laugarren sair gehigarri hau banatuko da (1.000 €).
Guztiontzako jaialdia
“Udalak Haizetararen aldeko apustua egiten jarraitzen du, gure herria bizitzaz, kolorez eta kultur aniztasunez betetzen duen ospakizun paregabea delako”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak. “Jaialdi hau, nazioarteko talentuentzako erakusleihoa izateaz gain, aukera bikaina da Amorebieta-Etxano emozioz, elkarbizitzaz eta giro onez betetzeko. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu kaleko ikuskizun honetaz gozatzera, denona da eta denontzat egina baita”, amaitu du.