Hasiera batean Markina-Xemeingo Bekobenta eskolaren 50. urteurrena ospatzeko aldizkaria izan behar zuena memoria historikoa berreskuratzeko proiektu bihurtu da, eta horren emaitza udalerriko eskola publikoaren 100 urte baino gehiago errepasatzen dituen liburua da. “Duela urtebete pasatxo Bekobenta eskolaren mende erdia ospatzea erabaki genuen aldizkari bat argitaratuz”, azaldu dute proiektuaren talde bultzatzailetik. Bertan, eskolako zuzendaritza-taldea eta gurasoen elkarteko kideak biltzen dira.

“Markina-Xemeingo Hezkuntza Publikoa (1844-2025): hazitik lorera” liburuaren azala Bekobenta eskola

Eskolaren historia kontatzeko asmoz argitalpen horretan auzoko eskolak eta 1975a baino lehen zeudenak ere sartzea pentsatu zuten. Horrela, 45 boluntarioren lanaren eta 130 elkarrizketen ondoren, emaitza “Markina-Xemeingo Hezkuntza Publikoa (1844-2025): hazitik lorera” izeneko liburua da. Beraz, lanaren lehen helburua Bekobenta eskolak 50 urtez egin duen ibilbidea aztertzea bazen ere, horrekin batera, hezkuntza publikoak XIX. mendetik gaur egunera arte Markina-Xemeinen izan duen bilakaera ere aztertzen da liburuan; eta zeharka, baita inguruko herrietako eskola publikoen bilakaera ere.

Hezkuntzaren bilakaera

Gogoratu behar da 1917 eta 1919 bitartean, Bizkaiko Foru Aldundia auzo-eskolak sortzeko urratsak ematen hasi zela. Helburua euskarazko irakaskuntzaren bidez herritarren hezkuntza maila hobetzea zen. Bizkaiko Foru Aldundiak auzoetan eskolak eraikitzeko laguntzak ematen zizkien udalei eta auzoetako kofradiei, bi baldintzarekin: auzunean 10 familia edo gehiago bizitzea, eta herriko beste eskola batetik gutxienez kilometro bateko distantzia egotea. Aldundiak eraikinaren planoak eta berezitasunak zehazten zituen eta eraikuntzarako materialak ematen zituen. Auzotarrek auzolanean eraikitzen zituzten eskola horiek, eta lana eta lurra ez ezik, dirua ere jartzen zuten.

Eremu euskalduneko auzo-eskoletan euskaraz irakasten hasi ziren 1921ean, eta euskarazko eskola-liburuak ere erabiltzen hasi ziren. Baina 1921eko urriaren 11n ikasketa plana aldatu eta euskara eta euskal gramatika irakastea debekatu zen.

Bigarren Errepublikan (1931-1936), Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko auzo-eskola batzuetan euskarazko irakaskuntza formalari ekin zitzaion berriro “badakigu Azpiltza, Iturreta eta Ziarregiko auzo-eskoletan euskaraz irakasten zuten maistra euskaldunak egon zirela” azaltzen dute egileek. Markinan eta Xemeinen eta inguruko herrietan 12 auzo-eskola eraiki ziren: 4 Markina-Xemeinen, 2 Berriatuan, 2 Ziortza-Bolibarren, eta gainerakoan Ispasterren, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen, Aulestian eta Ondarroan, guztiak 1921 eta 1932 urte bitartean.

Argitalpenean bereziki aztertzen dira Iturretako, Azpiltzako, Larruskaingo, Barinagako, Iruzubietako, Ziarregiko eta Goierriako auzo-eskolak. Horretarako, eskola haietan egon ziren 28 pertsonari elkarrizketak egin zaizkie, tartean garai hartan Azpiltzako maistra izan zen emakume bati.

Horrez gain, garai hartan bi udalerri ziren Markina eta Xemeingo ibilbidea ere kontatzen du liburuak.

Xemeingo eskola 1919an eraiki zen eta Arretxinagan zegoen, gaur egun Musika Eskola dagoen eraikinean. Eta Markinakoa, hasiera batean Artibai kalean zegoen. Liburuan azaltzen den bezala, “Artibai kaleko eskola suntsituta geratu zen Markinak jasan zituen bonbardaketa ugarien ondorioz, eta ez zen gehiago zabaldu. Haur guztiak 1937ko irailean hasi ziren gaur egun liburutegia dagoen eraikinean, Abesua kaleko 12. zenbakian. 1938. urtearen amaieran, Markinako Udala Artibai kaleko eskolan obrak egiten hasi zen, tailer gisa alokatzeko asmoz. Aurrerago, leku horretan ‘Talleres Crucelegui’ jarri zen”, adierazi digute liburuaren bultzatzaileek.

130 elkarrizketa eta 45 boluntarioen lana

Guztira, herriko hezkuntza publikoarekin zerikusia duten pertsonei egindako 130 elkarrizketek osatzen dute liburua; haiek dira liburuaren protagonistak. “Argi ikusten genuen bizipen eta pasadizo horiek argitalpen interesgarriagoa, irakurgarriagoa eta hurbilagoa egingo zutela”. Elkarrizketatuak Lea-Artibai eskualdeko hainbat herritakoak dira: Markina-Xemein, Etxebarria, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Aulesti, Ziortza-Bolibar, Ondarru eta Berriatua. Elkarrizketatu nagusia 1929an jaio zen eta gazteena 2006an. Hau da, hemeretzi eta laurogeita hamasei urte bitarteko pertsonek emandako testigantzek 400 orri pasatxoko argitalpen bat janzten dute. 

Guztira, berrogeita bost lagunek parte hartu dute elkarrizketetan, transkripzioetan eta orrazkeretan testigantzak eman dizkietenei, argazkiak ateratzen, euskarazko orrazkeran eta argitalpenaren idazketan. 

Proiektuaren bultzatzaileek parte-hartzea eskertu nahi izan dute, “guztion lanari esker lortu dugu argitaratzea. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu aztertu ditugun eskolekin lotutako bizipenak kontatu dizkiguten guztiei. Haiek esker liburua jantziago geratu delako».

Egileak: Zutik ezkerretik eskuinera: Josu Zuberogoitia, Zuriñe Egia, Aitor Azpeitia, Miren Garcia, Elisabete Alberdi, Patxi Juaristi. Makurtuta ezkerretik eskuinera: Iratxe Lasa, Iraitz Legarra, Lexuri Aresti. Bekobenta eskola

Markina-Xemeingo Udalak finantzatuta eta Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratuta, hezkuntzaren eta historia garaikidearen esparruan kokatzen da lana, eta bertako webgunean erosi daiteke.

Markina-Xemeingo Bekobenta eskola

2025ean Markina-Xemeingo Bekobenta eskolak mende erdia beteko du. 1974/75 ikasturtean ireki zituen ateak Beko Benta kaleko 3. zenbakian. Hala ere, ateak ez ziren kurtsoarekin batera ireki, lehenengo ikasleek ikasturtearen erdia inguru hasi baitzuten eskolan.

Lehen ikasle horiek ikasturtea beste eskola batzuetan hasi zuten: batzuk Markina-Xemeinen zegoen eskolan, eta beste batzuk inguruko auzo-eskoletan edo inguruko herrietako eskoletan. "Eta esan daiteke eraikin gorrixkan bigarrenez ekin ziotela 1974/75 ikasturteari. Batzuk Markina-Xemeindik zetozen, bertatik bertara, baina inguruko herrietatik etorri zirenak ere baziren tartean: Etxebarritik, Aulestitik, Munitibartik eta Ziortza-Bolibartik" azaldu dute.