Ignacio Andreu Uriarte artista durangarraren ehun lan baino gehiago biltzen dituen 'Bizitza baten isileko lana. La obra silenciosa de una vida' izeneko erakusketa ikusgai dago Durangoko Arte eta Historia Museoan. Erakusketa osatzen duten lan horietako asko lehen aldiz jendaurrean erakutsi gabeak dira.
Erakusketa honek sei hamarkadako ibilbide artistikoa jasotzen du, kalitate teknikoa eta Durangoko historia kultural eta sozialarekin duen lotura sakona nabarmenduz.
Erakusketa bi multzo nagusitan antolatzen da: bat, Andreu Uriartek tokiko kulturarekin izan duen harremanari eskainia, eta bertan antzerkiarekin, jaiekin eta edizioarekin lotutako kartelak, liburuxkak eta ilustrazioak aurki daitezke; eta bestea, bere obra artistikoan zentratua, non pintura inpresionistak, estanpak, argizariak eta arte digitaleko piezak ikusgai izango diren, guztiak bere etengabeko esperimentazio formala islatzen dutenak.
Erakusketako pieza giltzarri bat 'Rojo y Negro' (1966) da, Nafarroako Museotik datorrena, eta Andreu Uriarteren Euskal Eskolako Emen talde esanguratsuan parte-hartzea eta diktadura frankistan Bizkaian arte abstraktuaren alde egindako apustu aitzindaria adierazten ditu.
Paule Sánchez, Kultura zinegotzia eta Astarloa Kulturgintza elkarteko lehendakariak adierazi du: “'Andreu Uriarte. La obra silenciosa de una vida' erakusketa tokiko artearen erreferente handietako bati eginiko aitortza ezinbestekoa da. Erakusketa honen bidez, sei hamarkadatik gorako ibilbidea izan duen sortzaile baten lana balioan jarri nahi dugu, Durangoko kultura bilakaeran lekuko eta protagonista izan dena. Bere obraren bidez, herriko memoria artistikoa aldarrikatu eta herritar guztiengana gerturatu nahi dugu. Erakusketa honek ez dio iraganari soilik begiratzen, baizik eta Durangoko artearen orainari eta etorkizunari eginiko apustua ere bada. Udalak lanean jarraitzen du Arte eta Historia Museoa espazio bizia, irisgarria eta gure herriaren nortasun kulturalarekin lotura izateko”.
Inaugurazio ekitaldian, Durangoko Tronperri taldeak eskaini duen aurresku ohoretsua eta erakusketaren azalpen zehatza izan dira. Programazioaren baitan, ekainaren 18an, 18:30ean, XX. mendeko euskal artearen historian aditua den David Fuente komisarioak hitzaldia emango du. Erakusketak irauten duen bitartean, alegia, ekainaren 6tik uztailaren 20ra, Museoak bisita gidatuak eskainiko ditu, obra funtsezkoa herritarrei hurbiltzeko.
Durangoko Udalak herritarrak ekimen kultural honetaz gozatzera gonbidatzen ditu, Andreu Uriarteren arte-lanak berreskuratzen dituelako eta tokiko historia artistikoko artista garrantzitsuenetako baten ondarea balioan jartzen delako.