Barakaldoko Udalak 966.570,99 euroko aurrekontua bideratuko du irisgarritasuna hobetzeko Gurutzeta auzoko La Paz inguruan. Lanak aste honetan hasi dira, eta exekuzio-epea guxienez bederatzi hilabetekoa izango da. Besteak beste espaloi zabalagoak eta eskailerak sortuko dira, joan-etorrirako eremo atseginagoak eraikiz.

Gainera, hornidura-sareak aldatuko dira eta argiztapena ordezkatuko da, modernoagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa jarriz. "Inguruko bizilagunek asko espero zuten obra zen, eta auzoa kanpotik ez ezik, barrutik ere modernizatzen ikusiko dute, ikusten ez diren baina hain beharrezkoak diren zerbitzuak berrituz", adierazi du Jon Andoni Uria Auzoetarako eta Hirirako Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. "Lanek auzo hau erosoagoa egitea ahalbidetuko dute, bizilagunen bizi-kalitatea hobetuz, merkataritza-jarduera eta hiri-espazioko bizitza indartuz", azaldu du.

Obraren espazioak La Paz gunea hartzen du, Vicente Aleixandre, La Paz eta Arteta kaleen artean. Zehazki, kaleko 28. eta 34. zenbakien artean hedatzen da. Urbanizazioan 2 m-ko zabalerako espaloiak sortuko dira, gaur egun estuagoak baitira. Gainera, bizilagunentzako ibilbide irisgarriak eta oinezkoentzako espazio erosoak sortuko dira, auzoaz modu erosoan gozatu ahal izateko.

Ibilgailuak aparkatzeko eremuak berrantolatuko dira eta lorategi-espazioa hobetuko da, kaltetutako eremuak edo elementuak berrituz eta lorezaintza-sistema bat ezarriz. Hego-mendebaldeko muturrean dagoen 400 metro koadroko egonlekua ere sustatuko da. "Azaldu dugun bezala, eremu hau gutxiegi erabiltzen da, eta gustura egoteko espazio bihurtu nahi dugu", adierazi du Uriak. Horretarako, eremua zolatu egingo da, lekua hobeto ikustea zailtzen duten perimetro-heskaiak kenduko dira eta eremurako sarbideak hobetuko dira, bertatik igarotzen diren ibilbideak sortuz.

Azkenik, hiri-altzari berriak, saneamendua eta argiztapen modernoagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa instalatuko dira. "Egiten ari garen obretan, hiriaren garapen iraunkorra sustatzen duten irizpideak sartzen saiatzen gara beti. Horrela, kontuan hartzen dira baliabide material eta energetikoen aurrezpena, berrurbanizazio berria hiri-paisaian integratzea, inguruko bizilagunen bizi-kalitatea, ongizatea, erosotasuna eta osasuna sustatzea, eta eremuaren konposizio arkitektoniko-paisajistikoa ", gogorarazi du zinegotziak.