Síguenos en redes sociales:

Sestaoko Euskara, Kirol eta Gazteria sailek aisialdi-ekintzak eskainiko dituzte udan

Egitarau zabala prestatu du Udalak

Urtero bezala, Sestaoko Udala lanean egon da ate-joka dagoen uda honetan udalerriko familiei eta gazteei ahalik eta aisialdi-ekintzen eskaintza hoberena eskaini ahal izateko. Oraingo honetan, Euskara, Kirol eta Gazteria sailek indarrak batu dituzte egitarau zabala eskaintzeko.

Euskara Sailaren Udalekua

Haien artean, Euskara Sailak Udalekuak antolatu ditu Markonzaga ikastetxean, 4 eta 11 urte bitarteko haurrei aisialdirako eta entretenimendurako gune bat eskaintzeko. Jarduera uztailaren 1etik 30era egingo da, bost txandatan banatuta, eta familiei aukera emango zaie seme-alabak beren beharretara egokitzen diren txandetan apuntatzeko.

Programa 09:30ean hasiko da eta, gainera, jantokia eta, seme-alabak goizago utzi behar dituzten familientzat, harrera zerbitzua ere eskainiko du goizeko 08:30etik aurrera.

Hasiera batean, zerbitzuak txanda bakoitzean 100 plaza eskaintzea planifikatu zen, baina, eskaria ikusita, Udala harremanetan jarri zen udalekuak dinamizatuko dituen enpresarekin, eta baliabide gehiago jarriz, lehen eta bigarren txandetako eskaintza 140 plazetara handitzea lortu du, horiek izan baitira aita-amek gehien eskatu dituztenak.

Sestao Kirolaken Kirol Campusa

Sestao Kirolakek ere campus bat eskainiko du uztailaren 21etik abuztuaren 8ra. Helburua da 4 eta 13 urte bitarteko haurrek goizetan kirola egitea kirolinstalazioetan, aisialdi osasuntsu eta osasungarria sustatzeko. Hiru txanda izango dira, eta txanda bakoitzak 80 plaza eskainiko ditu guztira. Plazen % 8 dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat gordeko dira.

Jardueraren ordutegia 09:30etik 14:00etara izango da. Interesa duten familiek Las Llanas Kiroldegiko Kontrolean eska ditzakete izena emateko orriak.

Gaztegune

Gazteria arloari dagokionez, Gaztegunek hiru jarduera prestatu ditu haur eta nerabeen uda dinamizatzeko.

Lehenengoa kanpamentu digitala da, eskolaz kanpoko doako jardueren programa bat, haur eta nerabeei zuzendua, gaitasun digitalak jorratzea helburu duena. Bertan, ikaskuntza jolas gisa planteatzen da abentura interaktibo baten bidez, non parte-hartzaileek etapak osatu eta eginkizunak bete beharko baititute helburuak lortzeko.

Kanpamentua uztailaren 1etik 4ra izango da 14-17 urteko nerabeentzat, eta uztailaren 8tik 11ra 10-13 urteko haurrentzat, goizeko 11etatik arratsaldeko 1etara. Jarduera guztiz doakoa da eta izena emateko epea larunbatera arte egongo da zabalik Gaztegunen.

Bestalde, azken urteotan ohikoa izan den bezala, Gaztegunek ere bere udalekua antolatuko du Iberia kaleko instalazioetan, 10 eta 14 urte bitarteko gazteentzat.

Programa bi txandatan garatuko da, lehena uztailaren 1etik 11ra eta bigarrena uztailaren 14tik 24ra, goizeko 10etatik arratsaldeko 2etara. Doakoa da, baina 20 euroko fidantza jarri beharko da, jardueraren amaieran itzuliko dena, arazorik ezean.

Egitarauaren barruan monitore espezializatuek gidatutako hainbat jarduera sartzen dira, hala nola txangoak, droga-mendetasunen prebentziorako tailerrak, multikirolak, igerilekua, musikoterapia, jolas kooperatiboak eta biomaterialen tailerrak, betiere taldean adiskidetasuna eta laguntasuna sustatzea helburu dutenak.

Hamabostaldi bakoitzean 20 parte-hartzaile eta dibertsitate funtzionala duten gazteentzako bi plaza daude. Eskaerek kopuru hori gaindituz gero, zozketa egingo da, eta lehentasuna izango dute udalerrian erroldatuta dauden gazteek eta, ondoren, udalerrian erroldatuta ez egon arren, bertoko ikastetxe batean baina eskolatuta daudenek. Kasu honetan izena emateko epea ekainaren 20ra arte egongo da zabalik.

Azkenik, Gaztegunek udalerritik kanpo txangoak egiteko programa bat ere prestatu du, gazteek esperientzia berriak bizitzeko aukera izan dezaten. Hala, 14 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat hiru irteera programatu dira. Uztailaren 3an, "big sup" batean ibiltzeko aukera izango dute. Taula erraldoi horietan sartutako lagun-multzoak ahalik eta modu koordinatuenean arraun egin beharko du, uretara ez erortzeko.

Uztailaren 7an Zugaztietara joango dira "Operación Siderita" scape room jokoan parte hartzeko.

Azkenik, uztailaren 9an zaldi-tailer baterako irteera antolatuko da. Jarduera horiek guztiak doakoak dira (10 euroko fidantza baino ez da jarri behar, jarduera ondo erabiltzen bada itzuliko dena) eta goizez egingo dira. Bukatzeko, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako eskaintza dago. Kasu honetan, Gaztegunek raftinga egiteko irteera bat programatu du uztailaren 10ean, 15 lagunentzat guztira. Egun osoko irteera izango da, goizetik arratsaldera arte. Txango hori ere doakoa da, baina 20 euroko fidantza jarri beharko da.

Garrantzitsua da azpimarratzea jarduera horiek guztiak gazteek Gazteguneri helarazi dizkioten proposamenen emaitza direla.​