Dena prest dago Durangoko Euskal Jaiak ospatzeko, eta ekainaren 4tik 15era bitartean, udalerria kultura-, kirol- eta jai-gune bihurtuko da. Egitarauak pertsona guztientzat pentsatutako jarduera sorta zabala eskaintzen du eta euskal tradizioak, sormenak eta bizikidetzak protagonismo berezia izango dute. “Helburua da Durango eta durangarrak euskal kulturaren erreferente bihurtzea, bere tradizio eta balioak modu kolektiboan zainduz eta elkarrekin ospatuz. Euskal Jaiak une paregabea dira hori egiteko, herritar guztien parte-hartzea eta konpromisoa ezinbestekoak baitira gure kultura bizirik eta alaitasunez mantentzeko, 23 elkarteen eskutik. Jende eta elkarte guztiei esker, jaien ibilbidea, aurtengoa 27. edizioa da, gero eta sendoagoa da, eta guretzat hori harro egoteko arrazoia da. Beste behin, eskerrak eman nahi dizkiegu Euskal Jaiak posible egiten dituzten elkarte, ikastetxe eta erakunde publikoen lan nekaezinagatik”, nabarmendu zuten Mireia Elkoroiribe alkateak eta Paule Sanchez Kultura eta Euskara zinegotziak, herriko elkarte ugarirekin batera asteazkenean izandako agerraldian.

Programazioa

Egitaraua datorren asteazkenean hasiko da Durangaldeko Elkarte Artistikoaren eskutik Ezkurdin egingo den Haurren Eskolarteko XVI. Marrazki, Pintura eta Eskulan Lehiaketaren erakusketarekin. Egun berean, txikienek “Basatiak” haurrentzako filmaz gozatu ahal izango dute Zugazan, Kurutziaga Ikastolak antolatuta. Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleek, berriz, “Loraldi Eskola” antzerki emanaldiak eta San Antonio Ikastetxeak San Agustin Kultur Gunean eskainiko duen ikuskizuna ikusi ahal izango dituzte.

Ekainaren 5ean, osteguna, Alpino Tabira Mendizale Elkarteak “Kharut II, la primera ascensión” mendiko dokumentala proiektatuko du, eta amaieran alpinismoaren historiari buruzko solasaldia eskainiko da.

Ekainaren 6an, ostirala, Jolas Egunak programaren baitan, euskal mitologian inspiratutako jarduerak eskainiko dira jolas-gune batean, San Fausto auzoan edo frontoian, eguraldi txarra bada. Eguna amaitzeko, Sugarri fanfarreak lagundutako kalejira alai bat ibiliko da Alde Zaharreko kaleetan.

Asteburuan, ekainaren 7an, larunbatean, Durango Jai Alai Zesta Punta Eskolaren eskutik XXI. Zesta Punta Txapelketako finalak eta Durango Pelota Zale Klubak Ezkurdiko frontoian antolatutako Euskal Pilota Maratoia nabarmenduko dira. Aldi berean, kaleak musikaz eta euskal tradizioz beteko dira: Tronperri Dantza Taldearen dantza erakustaldiekin eta Silboberri Txistu Elkartearen eskutik, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin eta Ortzadar Euskal Folklore Taldearekin batera eskainiko den Durango Hiria txistu-kontzertuarekin.

Ekainaren 8an, igandea, “Peter Memoriala”-ren XIII. Pilota Txapelketako hainbat kategoriatako finalak ospatuko dira, baita Pilota Eguna ere, zeinetan partida ugari jokatuko diren egun osoan zehar, Durangoko Pilota Klubari esker.

Atsedenaldi labur baten ondoren, ekainaren 12an bueltatuko dira ekitaldiak igandera arte.