Eguzkibegi ikastolan 50 urtetik gora daramatzate erreferente argia izaten herriko hainbat eta hainbat familiatako seme-alaben heziketan. Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, 60.ko hamarkadan hasi ziren ikastolak egituratzen han eta hemen; Galdakaon, 1966an sortu zen Eguzkibegi ikastola.
Eguzkibegi ikastola herriko hainbat gurasoren eskutik sortu zen euskal kulturan oinarritutako heziketa euskalduna eskaintzeko helburuarekin. Zabaleako txaletean gauzatu zen ikastola 1967an, 35 haur eta andereno birekin. Ordutik honainoko bidea erreza izan ez den arren, une oro izan du herria eta herritarren babesa. Urte hauetako guztietako elkarlana kooperatiba batean gauzatu zuten 1973an, bide egokia hautatu zutenaren adierazgarri.
Haurrei euskal kulturan oinarritutako heziketa euskalduna eskeintzeko helburuaz sortu zen. Eta euskara eta euskal kultura ardatz harturik, neska-mutilak beren osotasunean hezi, hau da, aniztasunean, hezkuntza integrala eta kalitatezkoa eskainiz, nork bere gaitasunak garatzeko aukera emanez, gaur eguneko gizartean eta bere ingurunean integraturik, kritikoa eta parte hartzailea izanik.
Eguzkibegitik aadierazten duten bezala “Kooperatiba gara, denon artean eta denontzat bultzatzen dugun proiektua da gurea; atzean, hezkuntza komunitatearen eta gurasoen konpromisoa irmoarekin”. Horretaz gain, gure ildo pedagogikoa lantzen dute, “guretik eta guretzat sortutako material didaktikoarekin eta hezkuntza-eredu berritzaileak landuz, etorkizunerako prest egongo diren pertsonako hezteko”.
Bide honetan denak du garrantzia, baita gure ikastolaren kokapenak ere, ingurunea eskola bikaina baita. Eguzkibegi ikastola, herrigunetik gertu egonik ere, naturgune baten erdian dago. Inguruan dugu Belaustegiko hariztia, errekak eta hainbat xenda eta naturako ibilbide. Haurren heziketarako osagai garrantzitsua da guretzat, naturarekin harreman estua izanik, ingurunearekiko kontzientzia eta errespetua lantzea