Patinete elektrikoak, monopatinak, patinak eta oraindik arautu gabeko antzeko ibilgailuen erabilera arautzeko kontsulta publikoa jarriko du martxan Durangok. Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (MPI) erabilera arautuko duen udal ordenantza egin aurretik herritarren iritzia jaso nahi du Udalak, eta helburu horrekin sortzen da kontsulta hau.
Ekimen hau herrian horrelako ibilgailuen erabilera gero eta handiagoa dela eta sortzen ari diren segurtasun-arazoak eta bizikidetza-gatazkak direla eta abiarazi da. Udalak ordenantza berria herritarren behar eta ekarpenetatik abiatuta sortu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea.
Parte hartzea irekia eta anonimoa da, eta interesa duten herritar, elkarte edo erakundeek maiatzaren 31ra arte parte hartu dezakete Durangoko Udalaren webgunean, 'Parte hartu' atalean. Bertan hainbat galdera zehatz agertzen dira, besteak beste, eguneroko arazoei buruzkoak, ordenantza baten beharrari buruzkoak, ordenantzaren helburuei buruzkoak, eta arau alternatibei buruzkoak. Horrez gain, iritzi edo proposamen pertsonalak idazteko espazio librea ere badago.
Parte-hartze epea amaitu ondoren, Udalak jasotako ekarpen guztiak aztertuko ditu, eta ondorioen txosten bat argitaratuko da udalaren webgunean. Horren arabera, etorkizuneko ordenantzaren zirriborroa lantzeko erabakiak hartuko dira.
Durangoko Udalak herritarrak beren iritzia ematera animatzen ditu, guztion artean seguruagoa, antolatuagoa eta elkarbizitzarako egokiagoa izango den Durango bat eraikitzeko.