Musikaz Blai ekimena Mungiara itzuliko da
Udalak 21.700 euroko aurrekontua bideratu du
Maiatza eta iraileko ostiraletan kontzertu ibiltariaz gozatzeko aukera eskainiko du Mungiak berriro ere. Udalak 21.700 euroko aurrekontua bideratu egin du, 'Mungia Indartzen' programaren barruan, Musikaz Blai programaren edizio berri bat ospatzeko. Ekimen hau Merkatari eta Ostalarien elkartearekin batera antolatu du. Ekitaldiak 20:00etatik aurrera izango dira.
Mungiako jarduera sozial, kultural eta ekonomikoa bultzatzen jarraitzea helburu duen ekimena da. Hala, programazioan hainbat musika estilotako emanaldiak izango dira, udalerriko kaleak alaituko dituztenak kaleak dinamizatzeko eta tokiko ostalaritzari laguntzeko.
Aurtengo edizioan, zazpi musika taldek udalerriko hainbat tokitan joko dute modu ibiltarian (egunero musika talde bat Mungiako zonalde batean) beren estilo ezberdinekin, euskal kantu tradizionaletatik hasi eta hamarkada ezberdinetako musikaraino, besteak beste. Hauek dira parte hartuko duten taldeak: De Mode Quarter, Los Gascones, Rockalean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Monstruos de la Universal, The Derty Gerties eta Sambacábula.
Mungia Indartzen
Ekimen hau "Mungia Indartzen" programaren barruan dago. 2020an sortu zen, Mungiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduak suspertzeko, eta Udalak eutsi egin dio tokiko negozioei laguntzen jarraitzeko. Ildo horretan, Bakarne Egiak, Mungialdeko Behargintzako presidenteak, azpimarratu duenez, "helburua tokiko ekonomia suspertzea da, laguntza eta inbertsio ekonomikoei lotutako ekimenen bidez, hala nola programa hau edo Mungibonoakoa, apirilean abiarazitakoa, Mungiako merkataritzaren sektorea dinamizatzeko", eta "gure esku dagoen guztia ematen jarraitu nahi dugu, gure udalerriaren pultsu ekonomiko eta soziala mantentzeko".