Síguenos en redes sociales:

Erasmus + egitasmopean ikasle andana abiatu da munduan zehar

Ez dago lanbide heziketako zentrorik edo unibertsitaterik Erasmusen murgilduta ez dagoenik eta urtetik urtera, gero eta gehiago dira Erasmusen dauden Harrobia Ikastolako ikasleak

Erasmus + egitasmopean ikasle andana abiatu da munduan zeharHarrobia ikastola

Loiuko aireportuari nerbioen kiratsa dario azkenengo asteetan. Etengabeko joan-etorrietan, datozenen herri-minak eta senideen arteko besarkadek bat egiten dute kanpora doazenen ezinegon eta kezkarekin. Irteeren zonaldean, Ikasleak hegaldien pantailei begira daude, aiduru, beraien hegaldiaren check-in noiz egingo; iritsieren aldean, berriz, senide batzuk, iguriki, semea edo alaba noiz helduko. Tartean hizkuntz arrotzetan diharduten beste ikasle batzuk galtzak bete ilusio ailegatzen dira Loiura, hemengo unibertsitateetan eta lanbide heziketako zentroetan ikastera datozenak dira horiek. Bai Erasmus garaian gaude.

Hegazkina hartzeko zain harrapatu ditugu Illan, Ibai eta Aner. Norbegiara doaz, 3D animazio eta bideo-jokoetako zikloaren prestakuntza teorikoa amaitutakoan, prestakunza duala egitera doaz, horrela deitzen baitzaio praktikadiari orain. Beraien esanetan, beste ikaskide batzuk joanak dira Irlandara edo Danimarkara - bideojokoen industria ez dago oso garatuta oraindik Euskal Herrian, eta atzerrian esperientzia hartzea oso lagungarria izan daiteke gure etorkizun profesionalerako - beraien begien distirak aditzera ematen du, ikasteaz gain, ondo pasatzeko asmoa ere badutela.

Lehenengo Erasmusak orain dela ia 40 bat urte hasi ziren azaltzen (1987), fakultateetan notarik altuenak ateratzen zituzten ikasle gutxi batzuek aukera zuten atzerrira joateko. Arian-arian programa zabalduz joan zen eta, egun, ehunka dira urtero-urtero betetzen diren plazak, askorentzat, seme-alaben heziketan, nazioarteko elkartrukea ezinbesteko bihurtutzeraino. Ez dago lanbide heziektako zentrorik edo unibertsitaterik Erasmusen murgilduta ez dagoenik.

Alabaina, ikasleak ez dira Erasmusera joaten diren bakarrak. Irakasleek ere aukera baitute kanpora bidaiatzeko, dela beste zentro batzuk ezagutzeko edo atzerriko enpresekin kontaktuak egiteko, dela proiektu komunak garatzeko. Ibaik, Illanek eta Anerrek Harrobia ikastolan ikasi dute lanbide heziketako zikloa, bertan iaz hasi ziren nazioarteko harremanetan lehenengo urratsak ematen; bertako arduradunek esaten duten bezala, gaur ikasi, bihar irakatsi, hau da, nazioarteko esperientziek aukera paregabea eskaintzen diote irakasleari ikasteko, abaguneak detektatzeko, harremanak egiteko eta proiektu berrietan murgiltzeko. Baina horrek guztiak aldez aurretiko burokrazia-lan eskerga dakar, eta horren kexu izaten dira irakasleak. Hori gutxi balitz, ikasleei alojamendua bilatu edo zein enpresatara bidali ere kezka iturri izan ohi dira.

Espainiar estatuan SEPIE (Servicio Español Para la Internacionalización de la Educación) izeneko agentzia da programa kudeatzen duena eta bi izaten dira eskainitako aukerak; batetik, ikasle eta irakasleen mugikortasuna, non elkartrukeak, ikastaroak edo praktikak egin daitezkeen (KA-1); bestetik, erakundeen arteko proiektuak eta berrikuntza helburu duten esperientzien elkartrukea ere sustatzen dira (KA-2).

Atzerriko enpresekin kontaktuak egitea izan ohi da zailtasunik handiena, zentroen esanetan, KA-1 motako elkartrukeetan; izan ere, sektoreak sektore, Euskal Herrian zaila baita praktiketan ikaslea hartuko duen enpresa topatzea, zer esanik ez atzerrian, ikasleak menderatzen duen hizkuntza hitz egiten den herrialdea edo herrialdeko hizkuntza menderatzen duen ikaslea, ikasi duen espezialitatean diharduen enpresa, alojamendua… Are zailago oraindik proiektuak garatzeko elkarlanari dagokionez (KA-2), non gai zehatzetan interesatuta dauden kideak bilatu behar diren, hori izendatzeko ingelesezko hitza partner da. Esaterako, LinkedIn sare sozialean Erasmus Plus Partner Finding taldea dago sortuta, proiektuak aurkezteko; zailtasun hori ekidin nahian-edo, irakasle taldeak maiz joaten dira Europako herrialde anitzetatk zehar, harreman-sareak sortu nahian, ITalent edo Tknikaren eskutik, Lanbide Hezieketako Sailburuoretzak sortutako erakundeak, alegia.

Baina horretaz guztiaz gain, badago behin betirako geratuko den esperientzia gogoangarri bat; ikasleari autonomia, iniziatiba, sormena eta talde lanean jarduteko gaitasuna irakatsiko diona. Horrela gogoratzen dugu, behinik behin, esperientzia bizi izan dugunok; artikuluaren azken lerro hauek irakurtzean nostalgia hasperen txiki bat atera bazaizue, horren seinale izango da.