Aurreko edizioak izandako harrera bikaina kontuan izanda, Bizkaiko Foru Aldundiak Trantsizio Digitala dirulaguntza-programaren edizio berri bat jarriko du martxan. Programa horren helburua lurraldeko enpresen digitalizazioa bultzatzea eta horien lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, Ekonomia Sustatzeko sailak 3,97 milioi euro bideratuko ditu.
Deialdia 2021az geroztik dago indarrean, eta Bizkaiko enpresa-sarearen errealitatera hobeto egokitutako egitura batekin finkatzen da, enpresen heldutasun teknologiko mailaren arabera.
Programak bi laguntza-lerro bereizten ditu: lerro bat onarrizko digitalizazio-proiektuetarako, eta, bestea, ekimen aurreratuagoetarako. Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 5ean hasi eta ekainaren 13an amaituko da oinarrizko digitalizazio-proiektuetarako, eta, ekimen aurreratuagoetarako, berriz, maiatzaren 5ean hasi eta maiatzaren 23an amaituko da. Lerro biak egoitza Bizkaian duten 5 eta 250 langile bitarteko industria- eta zerbitzu-enpresentzat dira. 2025eko edizioak berrikuntza nagusi gisa sartu du langileen gastuak oinarrizko lerroan hautagarri gisa ezabatzea, aurrekontuarekin enpresa gehiagori lagundu ahal izateko.
Ekimen honek Bizkaiko enpresa-sarearen beharrei erantzuten die. Premia horiek «Bizkaiko Enpresen Eraldaketa Digitala» txostenean jasota daude. Txosten hori Barrixe - Bizkaiko Berrikuntzaren Behatokiak egin zuen, Bilboko Merkataritza Ganberak eta Bizkaiko Foru Aldundiak parte hartuta, eta bilakaera betean dagoen enpresa-ekosistema erakusten du.
- Enpresen % 91 digitalizatzen hasi dira: % 25,7 fase aurreratuetan daude, eta % 65 oinarrizko mailetan daude oraindik.
- Digitalizazio aurreratua duten erakundeen % 73,9k laguntza ekonomiko publiko handiagoa eskatzen dute aurrera egiten jarraitzeko.
- Adimen artifiziala bikoiztu egin da urtebetean, enpresen % 16,6k erabiltzen baitute dagoeneko.
- Oraindik ere talentu teknologikorik eta denborarik eza dira digitalizazio-prozesuei ekiteko oztopo nagusiak.
Ildo horretan, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatu Ainara Basurkok azpimarratu duenez, «ETE asko urrats garrantzitsuak egiten ari dira bide horretan, baina aldaketa digitala sakona eta konplexua da. Horregatik, indartu egin dugu Bizkaiko Foru Aldundian enpresei beren errealitate zehatzean laguntzeko diseinatutako laguntza-programarekiko dugun konpromisoa. Eragiketak, produktuak eta negozio-ereduak zentzuz eta eraginarekin eraldatzen dituzten digitalizazio-proiektuak bultzatzen ditugu. Ez dugu nahi enpresa bakar bat ere eraldaketa horretan atzean geratzea, eta, horretarako, programa hau funtsezko tresna da, benetako premia bati erantzuten diona: aurrera egin nahi duten baina hori berme osoz egiteko laguntza behar duten ETEei laguntzea, baliabideekin eta orientazioarekin".
Aurreko edizioan, programak oinarrizko 147 proiektu eta 26 proiektu aurreratu lagundu zituen, eta horrek agerian uzten du laguntza horien eskaera gero eta handiagoa dela, gero eta digitalizatuagoa eta lehiakorragoa den ingurune batean. Deialdi honekin, Bizkaiak ezagutzan, berrikuntzan eta talentuan oinarritutako ekonomia sustatzeko estrategian aurrera egiten du.