Sestaoko Gazteguneak gazteei zuzendutako aisialdi osasungarrirako hainbat ekintzaz osatutako egitaraua prestatu du Aste Santuarako, udal zerbitzuaren 30. urteurrena ospatzeko. Horrez gain, logotipo berria estreinatuko du, kolore more eta berdea nagusi dituena.

Aukeraketa hori ez da kasualitatea; izan ere, duela gutxi, enplegu-planeko langileek La Iberia kaleko instalazioak margotu dituzte Gaztelekun tonu morea eta Gazteentzako Informazio Zentroan tonu berdea erabiliz.

Programazioari dagokionez, 14 eta 17 urte bitartekoentzat Adimen Artifizialari buruzko Campusa egingo da Gaztegunen, Apirilaren 22an, 23an eta 24an, 11:00etatik 14:00etara. Campus horrek adimen artifizialera hurbiltzeko aukera emango die parte-hartzaileei, eta taldeka auto bat diseinatuko dute teknologia hori erabiliz. Programak adimen artifizialaren abantailei eta arriskuei buruzko hitzaldi bat ere eskainiko du. Campusak 15 plaza izango ditu guztira.

Gainera, apirilaren 25ean, Gazteguneak 15 gazterentzako irteera bat antolatuko du La Arena hondartzara, 10:30etik 12:30era, surfaren hastapenari buruzko ikastaro batean parte hartzeko.

10 eta 14 urte bitartekoen kasuan, apirilaren 14tik 16ra bitartean 20 plaza eskainiko dituen robotika-ikastaro bat egingo da. Ikastaro horretan, besteak beste, 3Dko diseinua eta inprimaketa edo esku robotikoen erabilera jorratuko dira. Apirilaren 22tik 25era bitartean eskulanak egiteko ikastaro artistiko bat antolatu da, beste 20 plaza izango dituena. Ikastaro guztiak 11:00etatik 14:00etara izango dira.

Aste Santuko programazioa osatzeko, Play-Station, Ping-Pong, Nintendo Switch eta 4 Lerroan txapelketak antolatuko dira.

Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina fidantza bat jarri beharko da, bertaratuz gero, itzuli egingo dena.

Bestalde, apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteguneak liburuak trukatzeko gune bat jarriko du, eta astebetez egongo da martxan, gazteek etxean eduki nahi ez dituzten liburuak utzi eta beste batzuk hartzeko aukera izan dezaten.

Aurreraxeago, maiatzaren 2an hain zuzen, aurtengo GazteArtea Ezkerraldean arte-erakusketan izena emateko epea irekiko da. Hortaz, parte hartu nahi duten 30 urtetik beherako Sestaoko artista guztiek Gaztegunera jo dezakete informazio gehiago eskatzeko.

Amaitzeko, gazteei zuzendutako doako aholkularitza juridiko, sexologiko eta psikologikoak martxan jarraitzen dutela gogorarazi du Gaztegunek. Hitzordua eskatzeko, nahikoa da instalazioetara hurbiltzea.​