Apirilaren 8an, Bilbao Exhibition Centreko (BEC!) Luxua aretoa Beaz foru elkarteak antolatutako Bizkaia Enpresa Topaketaren 14. edizioaren egoitza. Aurtengo ardatz nagusiak trantsizio berdea eta lehiakortasun-eredu berriak izango dira.

Urtero egiten den topaketa honetan enpresa txiki eta ertainek eta ekintzaileek aukera berriak sortzen eta interesak partekatzen dituzte, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin duten lotura indartzen dute.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, inauguratuko duen hitzorduan ON sariak emango zaizkie azken urteko proiektu onenei, Beazen parte hartu duten programekin bat datozen sei kategoriatan: enpresa berritzailearen sorkuntza; berrikuntza eta hazkundea; nazioartekotzea; trantsizio digitala; trantsizio berdea eta startup ibilbide onena.

Bizkaiko enpresen pertzepzioari eta aurrerapenari buruzko txostenaren aurkezpena

Aintzatespen horien ondoren Bizkaiko enpresek Europako Itun Berdeak ezartzen dituen neurriei dagokienez duten pertzepzioari eta lortu dituzten aurrerapenei buruz Aclima Basque Environment Clusterrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako azterlanaren ondorioak ezagutzera emango dira. Txostenaren izenburua "Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun-eredu berriak" da eta bertan, halaber, lehiakortasun-palanka gisa balia daitezkeen enpresentzako aukera-esparruak jasotzen dira, jardunbide egokien kasuak azaltzen dira, foru-laguntzako tresnak xehatzen dira eta enpresa-erakundeen estrategian trantsizio berdea txertatzeko moduari buruzko gida txikia ematen da.

Lan hau egiteko Bizkaiko tokiko garapeneko 14 agentziaren eta hainbat tipologia eta sektore biltzen dituzten lurraldeko 12 eskualdetako udaletako enpresa-arloek parte hartu dute. Txostenean, era berean, 1.000 bazkide baino gehiago ordezkatzen dituzten 10 elkarte eta klusterren lankidetza jaso da; horien artean Bizkaian ezarpen handia duten sektoreak daude, hala nola energia, automobilgintza, siderurgia, galdaketa, kimika, ontzigintza edo ingurumena. Azkenik, 7 zentro teknologikok eta ezagutza-zentrok hartu dute parte.

Mahai-ingurua: trantsizio berdearen esperientziak

Dokumentua aurkeztu ondoren mahai-ingurua egingo da neurri jasangarrien aplikazioan izandako arrakasta-kasuei buruz. Eztabaidan honako hauek hartuko dute parte: Ignacio Serrats, Conservas Serrats enpresako zuzendari nagusiak; Patricia Gabilondo, Arania enpresako Lehiakortasuna Zaintzeko eta Negozioa Garatzeko zuzendariak, eta Alexander López, Revenant Industrial & Ports Machinery enpresako zuzendari nagusiak.

Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, Ainara Basurkok, emango dio amaiera ekitaldiari, jardunaldiaren ondorioei eta networking saio bati bide emateko.