Lehendakari Agirreren Pasealekua berritzeko lanak hasi ditu Santurtzik
Esleitutako kontratuak 2.164.992,10 euroko aurrekontua du guztira, Next Generation Europako funtsekin finantzatut
Astelehen honetan goizean hasi egin ditu Santurtziko Udalak Lehendakari Agirreren pasealekua berritzeko lanak. Obrak amaitzean, herritarrek gozatzeko aisiarako eremu berria izango du udalerriak, hiri hondatza batekin.
Horren harira, Karmele Tubilla Santurtziko alkateak azaldu duenez “urteak daramatzagu herriak izan duen itsasoarekiko lotura historikoa berreskuratu nahian; itsasoa baita, Serantes mendiarekin batera, gure herriko elementurik maiteenetarikoa. Hori dela eta, Lehendakari Agirreren Pasealekua eraldatzeko proiektua helburu hori lortzeko esku hartzerik nabarmenetakoa da, eta aldi berean, udalerri gisa aurrera begira dugun proiekturik liluragarriena. Herri lanen lehen fasearen esleipenarekin egitasmoak argia ikusi duela esan dezakegu, eta hasiera eman diogula Santurtzirentzat hain sinbolikoa den eremu hori sortzeko garai berri bati”.
Proiektua onartu eta lizitatu ondoren, lehenengo fasea gauzatuko du enpresa esleipendunak. Fase horretan Agurtza Museotik udal igerilekuetara doan pasealekuaren zatia berrituko da, eta urrats handia izango da hiri-hondartza egitasmoari begira. Besteak beste, ur gaineko hegal-harmailak jarriko dira, jolaserako eta atsedenerako guneak sor daitezen. Etorkizunean, proiektuak aisialdirako pantalanak jartzea ere aurreikusten du, ur-geruzari beste erabilera batzuk eman ahal izateko.
Esleitutako kontratuak 2.164.992,10 euroko aurrekontua du guztira (BEZa barne), Next Generation Europako funtsekin finantzatuta, Santurtziko Turismo Jasangarriaren Planaren barruan. Kontratua sinatu ondoren, obrak 30 eguneko epean hastea eta lanak 8 hilabetez luzatzea aurreikusten da.
Horrez gain, proiektuak bigarren fase bat ere badu, non udal-igerilekuen aurrean itsas pasealekua eraberrituko den eta padel eta atletismo-zelaien artean ur-jokoak sortuko diren.
Santurtziren nortasuna sendotuko duen proiektua
Jarduera honek bat egiten du Udalak bultzatutako beste ekimen batzuekin, hala nola Mikel Trueba kiroldegia edo arrantza-portuan dagoen jolas- eta aisialdi-gunea berritzearekin. Horiek guztiek "Santurtzik bere ingurune naturalarekin duen lotura hobetzea dute helburu, guztiontzat irisgarriagoa eta osasungarriagoa den udalerria sustatuz. Horregatik, gure itsasbazterreko zerrendaren eraldaketa, lehen esan dudan bezala, udalerriarentzat ilusiorik handiena sortzen duen proiektuetako bat da; izan ere, aisialdirako eta atsedenerako gune bat izango dugu uretatik gertu, eta horren bidez itsasoa ukitu eta berarekiko dugun lotura historikoa berreskuratu ahal izango dugu" amaitu du Tubillak.