Síguenos en redes sociales:

Getxoko Haurreskola berriaren izena Kresaltsu izango da eta lanak aste honetan hasi dira

Getxoko Haurreskola berriak, aste honetan bertan eraikitzen hasi den udalerriko bigarrenak, Kresaltsu izena izango du, gaur goizean udaletxean egin den martxoko ohiko osoko bilkuran jakinarazi denez. Alderdi politiko guztien aldeko botoekin, Elkarrekin Podemosenarekin izan ezik, abstenitu egin baita, erabaki da Haurreskolen Partzuergoari zentro berria sortzeko eskatzea eta haren izena Kresaltsu izango dela jakinaraztea, udaleko Euskara Arloak iradokitakoaren arabera eta Romo auzoko toponimia kontuan hartuta, Romo ikastetxe publikoaren eraikin hexagonalean kokatuko baita.

Hasi berri diren obrak egiteko, Udalak 612.000 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Europar Batasuneko Next Generation funtsen kargura. Diru horrek gastuen zati bat estaliko du, gutxi gorabehera 900.000 eurokoak izango direnak.

Kresaltsu Haurreskolak, 2026tik aurrera, guztira, 34 plaza eskainiko ditu 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat: gela bat, 0 eta 1 urte arteko adina dutenentzat, eta bi gela, 1 eta 2 urte arteko adina dutenentzat.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek nabarmendu dute albiste ona dela Getxon bigarren Haurreskola bat izatea, baina uste dute eredu deszentralizatuago baten alde egin behar dela, eta, beraz, beste auzo batzuetan antzeko zentro gehiago sortu behar direla. Udal-gobernuak (EAJ/PNV eta PSE-EE) adierazi duenez, haur-hezkuntzarekin eta lana eta familia uztartzearekin duen konpromisoa indartuko du Kresaltsuk. Eraikin moderno, irisgarri eta efizientea da, eta Algortako Los Fueros kalean dagoen Egunsentia haurreskolarekin batera, Getxok 130 plaza izango ditu udalerriko haurrentzat.

Beste gai batzuk

Bestalde, aho batez onartu da 2.024.000 euroko kreditu gehigarria eta 2.000.000 euroko konpromiso-kreditua (100.000€ 2026rako; 500.000€ 2027rako eta 1.400.000€ 2028rako) atletismo, belodromo eta errugbiko harmailen eraikina finantzatzeko, iaz Gobernuko alderdiek eta PPk 2025eko Aurrekonturako sinatutako akordioari esker.

Halaber, hasierako onespena eman zaio Algortako Manuel Gainza aparkalekuaren araudi aldaketari, bertan partzela bat duten egoiliarrei ordainketa zatikatua errazteko, eta, horrela, hilero ordaindu ahal izan dezaten, gaur egun egiten duten urteko ordainketaren ordez.

Era berean, 2024ko Udalaren Aurrekontu Orokorraren likidazioaren onespenaren berri eman da; gobernuaren ustez kudeaketa ona islatzen du horrek, eta oposizioarentzat, berriz, guztiz kontrakoa. Halaber, joan den martxoaren 6an, M8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, aho batez onetsitako adierazpen instituzionalaren berri eman da.

Mozioen kapituluan, osoko bilkuran aurkeztutako bakar bat ere ez da aurrera atera, eta galde-eskeen txandan, Portu Zaharreko festetatik sokamuturra kentzearen aldeko herritarren ordezkariek parte hartu dute, uste baitute udala atzeratzen ari dela horri buruzko erabakia hartzeko garaian.