Euskaraldiari loturiko ipuin lehiaketa Zornotzan
Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a izango da eta irabazle bakoitzak 400 euroko saria jasoko du
Maiatzaren 15etik 25era ospatuko den Euskaraldiaren jardueren baitan, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskarazko ipuin laburren lehiaketaren edizio berria jarri du martxan. Ekimen honen helburua da herritarren artean euskararen erabilera eta sormen literarioa sustatzea, eta horretarako, parte hartzeko bi kategoria egongo dira; batetik, 16 eta 22 urte bitarteko gazteen modalitatea eta bestetik, 23 urtetik gorakoena.
Lehiaketaren oinarriei dagokionez, ipuinak euskaraz idatzi beharko dira, euskara batuan edo bizkaieraz, eta originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Gainera, ezinbestekoa izango da aurtengo Euskaraldiaren leloari, Elkar mugituz egingo dugu, erreferentzia egitea. Ghienez 3.000 karaktere izango dituzte, zuriuneak eta izenburua barne.
Parte hartu nahi duten herritarrek euskara@amorebieta.eus helbidera bidali beharko dituzte ipuinak, eta zein kategoriatan lehiatzen diren adierazi. Ipuinarekin batera, izen-abizenak, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta NANaren kopia bat erantsi beharko dira.
Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a izango da eta kategoria bakoitzeko irabazleak 400 euroko saria jasoko du.
Bestalde, herritarrek ere izango dute irabazle gehigarri bat aukeratzeko aukera, maiatzaren 6tik 13ra egingo den bozketan. Bozketa herriko puntu ezberdinetan jarriko diren hautestontzien bidez egingo da etaz hautatutako ipuinaren egileak Euskaraldiko produktuen sorta bat jasoko du. Era berean, bozketan parte hartzen duten herritarren artean ere produktuak zozketatuko dira. Sariak maiatzaren 15ean banatuko dira, Euskaraldiaren hasiera ekitaldian.