Getxoko Udalak urtean gastu arruntean 43.000 euro eta energia-kontsumoan % 80 aurreztea ekarriko dituzten LED argiak jarriko ditu Algorta, Neguri eta Andra Mari auzoetan. Horretarako 265.000 euroko aurrekontua bideratuko du. Jarduerak 316 unitate berritzea aurreikusten du.
Argiteria publikoaren sareko energia-eraginkortasuna hobetzeko jardueren plan zuzentzailean sartzen da jarduketa. Neguri auzoan honako kale hauetan alatuko dira argiak: Zumardia, Carmen, Zubiondo, Valentín Gorbeña, Tejera, Los Tilos, Madarisolo, Cristobal Colón, Paseo del Puerto, Acacias, Zulueta, Juan Prado, Errotalde, Aretxeta, San Isidro, Urumea, Miguel Beaskoa eta Ormetxe.
Algortako hainbat kaletako lanparak eta argiteria publikoko ekipoak aldian-aldian ordeztea
Aipatutako jarduerarekin batera, udal mantentze zerbitzua Algortako hainbat kaletan LED ekipoekin ordezten ari da dagoeneko 45 luminariatako lanparak (2 urte eta erdiko bizitza erabilgarria duten argi laranja sortzen dutenak) akituta baitaude. Lanak dagoeneko amaitu dira San Martin, Trinidad eta Maria Goiri kaleetan, eta datozen egunetan Lorenzo Areilzan (San Martin eta Benturillena artean), Jaime Moreran (San Martin eta Telletxe artean) eta Bidebarrin (Illeta eta Salsidu artean) egingo dira. Argi zuriagoko luminariak jarriko dira, eraginkorragoak, izan ere, egungo luminariekin puntu bakoitzeko 185w kontsumitzetik 75w kontsumitzera igaroko da argi berriekin, eta, beraz, argi puntu bakoitzeko 125 euro aurreztuko dira urtean. Hori, 2,5 urtean behin aldatu behar den aurreko pizte-ekipo eta lanpara bakoitzak balio duen 160 euroei gehituz gero, puntu bakoitzeko inbertsioa urtebetean amortizatuko da; ondorioz, aurreko lanparen ordez jarriko diren LED ekipo horiekin lotutako kontsumo elektrikoan %60 aurreztuko da. Algortako 45 puntu horiek aldatuta bakarrik, urteko 9.000 euro aurreztuko dira.
Luminariaren puntu berri bakoitza urtebetean amortizatzeaz gain, hiru lanpara aldaketa ere aurreztuko dira eta datozen 20 urteetan ez dira argi berriak ordezkatu beharko (luminaria berriek funtzionamenduaren %80ko bizitza baliagarria dute epe horretatik gora).
Lehen jarduketa horren ondoren, apirila eta maiatza bitartean beste 45 argi berritzen jarraituko da Algortako beste eremu batzuetan (Bidezabaletik Euskal Herriraino). Kasu horretan, luminaria bakoitzak 110w-ko kontsumoa izango du puntu bakoitzeko, egungo 285w-ren ordez, mantentze-zerbitzuaren ohiko berritzea egokituko zaien luminaria-blokeetan. Lanak hastean, aldaketa egingo den kaleen izenaren berri emango da.
Kokapen jakin batzuetan, altuerako lanek eragina izan dezakete ibilgailuen eta/edo oinezkoen trafikoan. Nolanahi ere, kalte horiek une batekoak izango dira, eta trafikoa ahalik eta lasterren abiatuko da berriro.
Hurrengo jarduerak eta lizitazioak
Bitartean, Udalak Areetako Santa Ana auzoan 152 luminaria berritzeko lanak esleitzeko prozesuarekin jarraitzen du. Jarduketa horren ondorioz, energia-kontsumoan eta gastu arruntean %47,38 aurreztuko da, eta elektrizitatearen fakturan 15.300 euro aurreztuko dira urtean. Aurreikuspenen arabera, lanak amaituta egongo dira aurtengo udako lehen tarterako.
Bestalde, ekintza-plan zuzentzailearekin jarraituz, laster lizitatuko da 375 bide-argiren hornidura, egungo ekipoen bi modeloetan, egungo ekipoen aldean kontsumoan %60 eta %62 aurreztuz; eta horrek ekarriko du, era berean, faktura elektrikoan 61.593 euro aurreztea urtean.
“Duela urte batzuetatik hona, Argiteria Publikoaren Zerbitzuaren estrategia izan da argi zahar eta ez-eraginkorretatik LED motako luminarietara igarotzea. Laburbilduz, 2025erako luminariak berritzea aurreikusi dugu, efizientzia energetikoa hobetzea ez ezik, elektrizitatearen kontsumoan aurrezpen handia ekarriko baitute eta funtzionamenduaren eta amortizazio azkarraren bermea ere eragingo baitute”, nabarmendu du Obra, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi Janire Ociok.