Getxoko Udalak 95.550 euroko aurrekontua bideratuko du aurten, Sustapen Ekonomikoa sailaren bitartez, enpresentzako laguntzen deialdi berri bat abiarazteko. Astearte honetan, martxoaren 11n, irekiko da eskaerak egiteko epea, eta apirilaren 10era arte egongo da zabalik. Aurrekontu hori bi ildotan banatuko da:

  1. Ildoa: laguntzak profesionalen eta enpresen berrikuntza bultzatzeko (37.800 euro). Negozio-lerro berriak, produktu edo zerbitzu berriak, merkaturatzeko eta eraldaketa digitalerako modu berriak bultzatzera bideratuak.
  2. Ildoa: laguntzak turismo arloko profesionalei eta enpresei zuzendutako jarduera turistiko bermatuak abian jartzeko (57.750 euro). Helburua da enpresek zerbitzu, jarduera eta/edo produktu berritzaileak, erregularrak eta kalitatekoak sortzea eta abian jartzea, baldin eta merkaturatzeak (zuzenekoa eta zeharkakoa) Getxoko turismo-enpresa guztiei mesede egiten badie.

Irantzu Uriarte eta Juanma González zinegotziek adierazi dutenez, “laguntza hauek Getxoko Udalaren bultzada gehigarria dira, Getxoko enpresen berrikuntza eta udalerriko turismo-eskaintza indartzeko”. 

Aurreko urteetan, 1 ildorako askotariko proiektuak aurkeztu ziren, hala nola negozio lerro berri bat edo batzuk garatzea, aldaketak planteatzea hazteko helburuaz bai espazio berri batean instalatuta bai bezeroarengana iristeko kanal berrien bitartez, etab. 2 ildoari esker, bestalde, urtez urte finkatu ahal izan da udalerriko turismo-eskaintza garrantzitsua.

2025. urterako, gainera, udalerriko enpresek zerbitzu eskaintza handia dute enpresak profesionalizatzeko, baita proiektu eta programa espezifiko berriak, udal enpresa- sarea bultzatzeko.

Informazio saioa

Martxoaren 18an, asteartean, informazio-saioa egingo da 1 ildoaren inguruko zalantzak argitzeko Ekonomia Sustapena Arloaren egoitzan, Getxo Elkartegian (Ogoño 1, Areeta), 14:00etan. Ez da beharrezkoa izena ematea.