Euskal Herria Museoaren erakusketa iraunkorrak Pablo Urangaren obra bat izango du
Obra Lope Garcia de Salazarren Bienandanças e Fortunas laneko istorioetan inspiratutako horma-pinturen multzo baten parte da
Ramon de la Sota industrialariak Algoran zuen egoitza dekoratzeko enkargu baten barruan Pablo Uranga artistak 1917 urtean egindako obra bat jaso dohaintzan du Bizkaiko Foru Aldundiak, haren biloba Elena Urangaren bitartez.
Obra Lope Garcia de Salazarren Bienandanças e Fortunas laneko istorioetan inspiratutako horma-pinturen multzo baten parte da eta foru-erakundeko zaharberritze-atalak zaharberritu du. Foru-erakundearen Euskal Herria Museoaren lehen solairuko "Historiaren hasiera" aretoan jarri da, erakusketa iraunkorrean.
Ramón de la Sotaren enkargua izan zen formatu handiko bederatzi eszena sortzea, Erdi Aroko bandokideen arteko borroketan oinarritutako gai historizistekin. Erantsita duen legendaren arabera, marrazkia bederatzigarren eszenari dagokio, zeinean Bernal de las Calabazasek bere ahaide Juan de Salazar zauritzen baitu, erratuta; lantza-kolpe batez zeharkatzen dio burua, ahotik sartuta. 20 metro baino gehiagoko lan handi hori bi hilabete eskasean osatu zuen Urangak, eta 1917ko abuztuan jarri zen obra industrialariaren etxean. Eszenak xehetasun handiz sortu zituen, Lope García de Salazarren lanean oinarrituta.
Dohaintzan emandako bozetoa hiru metro luze da eta museoaren beraren instalazioetan jarri behar izan zaio markoa, ondo kontserbatuko dela bermatzeko. Martxoaren 11tik aurrera egongo da ikusgai Gernikako Euskal Herria Museoan. Egun horretan egingo da aurkezpena, 18:00etan. Euskal Herria Museoaren bilduman sartuko den obra hau testuinguruan kokatzeko, Ana Prestamero arte-historialariak Pablo Urangari eta haren lanari buruzko hitzaldi bat emango du aurkezpen-egunean.