Getxoko Udalak 65.438 euroko aurrekontua bideratuko du uriko hainbat lekutan zirkulazioa eta bide-segurtasuna hobetzeko proiektuan aurreikusitako obrak egiteko. Lehenengoa Matxitxako kalearen eta Angel etorbidearen arteko loturan egingo da, eta bestea Mugarra kalearen eta Galeako errepideko pasealekuaren artean, non bidegorriaren jarraitutasuna eta egokitzapena bermatuko den. Lanak laster hasiko dira eta 12 asteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera.

Jarduketaren helburua da, alde batetik, Matxitxako kalea Angel etorbidearekin lotzea, inguruko ibilgailuen trafikoaren baldintzak hobetzeko, oinezkoen ibilbidearen baldintzak alde batera utzi gabe. Gaur egun, Matxitxako kalea irteerarik gabeko kalea da, Galeako errepideko oinezkoen kalean amaitzen dena, eta Angel etorbidearekin Jauregialde kaletik lotzen da. Egoera horren aurrean, “komenigarritzat jotzen dugu Angel etorbidearekin beste lotura bat egon ahal izatea, inguruko zirkulazioaren mugimenduak errazteko eta Uribe Kostako korridorerako irteerako trafikoa Bidezabal eta Angel etorbidearen arteko biribilgunean kontzentratzea saihesteko”, azaldu du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Bestalde, obra proiektuak Mugarra kaleko bidegorria Galeako errepideko pasealekuan dagoenarekin lotzea aurreikusten du. Gaur egun, bidegorri hori Oiz kalekoarekin lotzen da, eta Mugarran amaitzen da, Angel etorbidearekin bat egiten duen tokian.

“Beste jarduera honekin bidegorria erabiltzeko baldintzak hobetuko ditugu, artezenak eta egokienak izan daitezen, eta, beraz, ukitutako ibilbideak jarraituak eta seguruak izan daitezen”, Ocioren hitzetan. Horregatik, galtzadan eta espaloietan hobekuntzak egingo dira, zoladura eta zintarriak berrituta, trazadura optimizatzeko eta ibilgailuentzako eta oinezkoentzako baldintza hobeak bermatzeko. Era berean, Angel etorbidean, Mugarra kalearekin bat egiten duen tokian, oinezkoentzako beste pasabide bat egingo da, oinezkoen mugikortasuna errazteko eta inguruko segurtasuna hobetzeko.

Era berean, “proiektu honetan zehazten diren obrekin bermatzen da, behar izanez gero, dauden espazio publikoak irisgarritasunari buruzko araudian ezarritako aginduetara pixkanaka egokitzea eta, beraz, udalerriko Irisgarritasun Planean ezarritako helburuak betetzea”, gaineratu du zinegotzi getxotarrak.

Azkenik, jarduketa-eremu horretan euri-uren sareari eragingo dioten lanak ere egingo dira, Matxitxako eta Angel etorbidea eta Galeako errepidea lotzeko obrak eragindako guneetan euri-urik pilatu ez dadin.