Síguenos en redes sociales:

Markina-Xemeingo alde zaharra ezagutzen

Beti Jai jubilatuen elkarteak bisita gidatua antolatu du Txitxiburduntzi eguna ospatzeko

“Bertan ezagutzen ez ditugun gauza zoragarriak ditugu, eta beti irtetzen gara herritik kanpo beste gauza batzuk ikustera”, horixe adierazi dute Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkartekoek. Horregatik, Txitxiburduntzi eguna ospatzeko udalerriko alde zaharrean bisita gidatua egiteko aprobetxatzea erabaki dute.

Horrela, bihar, otsailak 27, Beti Jai elkarteko kideek Markina-Xemeingo kaleetan zehar ibiliko dira 16.45etatik aurrera, alde zaharra hobeto ezagutzeko asmoz.

Hitzordua Goiko portalean izango da. Han elkartu eta bertan hasiko dute bisita gidatua. Ibilbidearen ostean txitxiburduntzi eguna ospatuko dute kopadutxoa eginez Beti Jain.

Hau da Markinako Beti Jai elkarteak egiten duen jarduera ugarietako bat. 478 kide dituen elkarte honek duela gutxi San Blas eguneko erroskillak egin dituzte herriko haurrekin, eta orain, Extremadurarako bidaia ere prestatzen ari dira, apirilaren 21etik 25era bitartean.

Hau da urtero, Euskal Herritik kanpoko beste leku batzuk ezagutzeko egiten duten lauzpabost eguneko irteera. Aurten, besteak beste, Cáceres, Mérida eta Valle del Jerte bisitatuko dituzte.