Ate joka datoz Busturialdeko aratusteak. Aurten ere Mundakako Lamiak eta Atorrak, edo Gernika-Lumoko Marroak ikusiko ditugu kaleetan zehar, eta herri guztiak kolorez eta tradizioz beteko dira. Hori dela eta, eskualdeko udalerriek egitarau bereziak prestatu dituzte festa hau ospatzeko.
Eta tradizioz ari bagara, Mundakaz hitz egin behar dugu, Bizkaiko tradiziorik berezienetako bat baitu. Ohitura horretan, atorraz jantzitako gizonek eta lamietako emakumeek bereizita zeharkatzen dituzte kostaldeko herri honetako kaleak. Eta aurten ez da salbuespenik izango, izan ere, martxoaren 1etik 4ra ospatuko dituzte mundakarrek aratusteak. Martxoaren 1ean haurrak izango dira protagonista nagusiak danborradarekin, Jose Mari Egileor txistu elkartea, Lamia eta Atorrarekin batera. Eta martxoaren 2an, igandea, Aratuste eguna ospatuko da. Betiko lez ospakizuna Jose María Eguileorren etxearen aurrean hasiko da eta atorrek Mundakan zehar erronda bat egingo dute “Aratuste zara, Aratuste, mundakarrentzat egun obarik ez” abestuz. Arratsaldean berriz lamiak izango dira protagonistak.
Atorrak izena Mundakako inauterien ikurra den janzkera bitxitik hartzen dute: blusa zuria (atorra) eta galtza zuriak gona batez estalita eta... burko zorro bat buruan. Bestalde, lamiak beltzez jantzita daude, aurpegia eta ileorde zuriak dituzte eta makillatuta daude, Lamiarango sorginek egin behar zuten bezala, hau da, Mundaka eta Bermeo arteko Lamiak bizi ziren tokia. Mundakako programazioak asteartera arte jarraituko du. Astelehenean kalejira eta buruhandiak izango dira eta asteartean jaia eskolara eramango da.
GERNIKAKO MARROAK
Gernika-Lumok ere otsailaren 27tik martxoaren 4ra ospatuko ditu Aratusteak. Aurten ‘Rio de Janeiro’ izango da mozorrotzeko gaia, baina ez dira faltako Gernikako mozorro klasikoak, Marroak.
Egitaraua martxoaren 27an hasiko da, Eguen zuri egunean, Gozoki Bidearekin, Elai Alai Dantza Taldearen eta Segundo Olaeta musika eskolaren laguntzarekin. Ostiralean gernikarrak festaz jantziko dira eta horretarako Udal Liburutegian makillaje tailerra egongo da eta kalejira hasiko 18.00etan hasiko da. Egun horretan ere 19.30ean bertso poteoa izango da Igor Elortza eta Aitor Etxebarrizarragarekin, eta ordu berean I. Playback Lehiaketa antolatu dute, bertan hainbat kategoriatan sailkatutako sariak irabazteko aukera egongo da. Eguna amaitzeko Gernikako ostalaritzak Happy Hour ospatuko du.
Inauterietako larunbatean haur eta gazteen mozorro lehiaketa eta ohiko Marroen Inauteriak nabarmentzen dira Elai Dantza taldearekin, eta 20.00etatik aurrera txokolate eta tostadak banatuko dira. Igandea izango da egun handia, non ekitaldi eta jolas tradizionalak ez diren faltako, hala nola Busturialdeko gaiteroen diana, Marroen aurreskuak eta erakustaldia, oilar jokuaren antzezpena, tostada banaketa edo lehorreko kukaña haur eta gazteentzako parkeaz gain, besteak beste. Gernika-Lumoko programazioa asteartera arte luzatuko da umeentzako jarduerekin.
Bestalde, Busturian otsailaren 28tik martxoaren 2ra ospatuko dira inauteriak. Horrela, otsailaren 28an IGEak antolatutako Inauteriak izango dira Altamiran eta asteburuan zehar inauterietako dantza tradizionalak bezalako ekitaldiak egongo dira jai hau ospatzeko.
XXII. tabernen mozorro lehiaketa
Bermeon aratusteak martxoaren 1ean hasiko dira Lantzeko Inauterietako kalejirarekin goizeko 12.00etan eta ondoren aratusteetako kalejira egingo da. Martxoaren 4an Aratusteen Martitzena hainbat ekitaldi egongo dira: herriko ikastetxeen kalejira, dantza erakustaldia, Erroxapeko Martxa, Disko Txiki Festa eta tostada lehiaketa, besteak beste.
Egun horretan ere XXII. Tabernen Mozorro Lehiaketa ospatuko da. Ohi bezala, herriko tabernek parte har dezakete lehiaketan; iaz 18 tabernak eman zuten izena eta interesa duten ostalariek otsailaren 28ra arte eman dezakete izena Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegoan.
Izena ematen duten tabernak apainduta egon beharko dira martxoaren 4an, Aratuste martitzenean, 11.00etatik aurrera; tabernarien mozorroek ere bat egin beharko dute gaiarekin. Taberna parte hartzaileek kartel identifikatzaile bat izango dute.
Epaimahaia Jai Batzordeko ordezkariek osatuko dute, eta Aratuste martitzenean, bisitatuko dituzte guztiak. Epaimahaiaren erabakia egunean bertan jakinaraziko zaie irabazleei, eta udaleko webgunean eta sare sozialen bitartez ere jakinaraziko da. Epaimahaiak honakoak izango ditu kontuan: apainketaren orijinaltasuna, erabiliko diren materialentzako kontsumo orekatua eta ingurumena errespetatzea, tabernarien mozorroa eta tabernaren apainketa bat etortzea eta euskara erabiltzea. Bermeoko programazioa martxoaren 8an amaituko da Vade Retro Partyrekin.
Busturialdeko gainerako udalerrietan ere aratusteak ospatzeko jarduerak antolatu dira. Adibidez, Ajangizen igandean, martxoak 2, ospatuko dira txitxiburduntzi herrikoi baten bitartez, non sahieskiak, solomoak, txorizoak eta urdaia parrillan erreko diren. Eta Muxika Ibarruriko eta Gorozikako inauteriak ere egun horretan ospatuko dira Ugarte auzoan. Horrela, igande arratsaldean, puzgarri eta haurrentzako tailerra eta disko-festa egongo dira, eta ez dira faltako txokolate beroa, desfilea, haur eta nagusien mozorro lehiaketa. Baina, aurretik, Urretxindorrako eskolako Guraso Elkartea otsailaren 28an hasiko da festa ospatzen txitxiburduntzi eta haurrentzako jarduerekin.
Eta eskualdeko hainbat herrik inauteriak martxoaren 8an ospatuko dituzte. Ibarrangeluaren kasuan, mozorrotzeko gaia ‘Filmak’ izango da, eta egun osoan zehar hainbat jarduera izango dira, 12.30ean Lorea Dantza Taldearen kalejirarekin hasi eta 20.30ean mozorro lehiaketarekin amaituz. Egun berean, baina Morgan mozorroaren gaia Munduko Emakumeak izango da. 13.00etan hasiko da ospakizuna poteo musikatuarekin, ondoren herri bazkaria, jolas jatorrak eta musika egongo dira. Eguna 23.00etan amaituko da mozorro onenaren sari-banaketarekin.