Aurreko edizioetan izandako arrakastaren ondoren, eta Abanto Zierbenan ingurumena zaintzea eta ingurune jasangarria sustatzen jarraitzeko helburu nagusiarekin, Udalak, Kima Berdea Elkarte Ekologistarekin lankidetzan, Zuhaitz Eguna antolatu du aurten ere. Zuhaitz autoktonoak landatzeko eta familian gozatzeko jardunaldi hau otsailaren 23an, igandea ospatuko da 10:30etatik aurrera La Chula aldapan (El Campilloko igoera)

"Ingurumena zaintzea Abanto Zierbenako Udalaren lehentasunetako bat da. Hori dela eta, urtero horrelako jarduerak egiteko lan egiten dugu, gazteen eta helduen artean jasangarritasunaren eta ingurumenaren balioak sustatzen dituzten jarduerak, hain zuzen ere", azaldu du Juan Vallejo Mendizabal Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak. "Horrela, otsailaren 23an, 23 familia abantarrek zuhaitz autoktonoak landatzeko aukera izango dute, naturarekiko dibertsio eta errespetu giroan", gaineratu du.

Espezie autoktonoetako 23 espezie landatuko dira guztira: 4 gaztainondo (Castanea sativa), 5 hurritz (Corylus avellana), 5 haritz (Quercus robur), 5 haltza (Alnus glutinosa) eta 4 sagarrondo (Malus sylvestris). Plazak mugatuak izango dira, beraz, parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute 688 80 32 31 zenbakira WhatsApp bat bidaliz, parte hartzaile kopurua, adina, izena eta NANa adieraziz. Aurreko aldietan bezala, izen-emateak harrera ordenaren arabera egingo dira eta familia abantarrek lehentasuna izango dute.

Espezie autoktono horiek landatzeaz gain, familian gozatzeko beste jarduera batzuk ere antolatu dira Euskal Herriko meatzaritzaren museoan. Hala, txikienak pertsonaia dibertigarri desberdinetan bihurtu ahal izango dira aurpegi margoketen bidez eta txokolate beroz beteriko frutazko brotxetaz osatutako hamaiketako osasungarri goxoa ere egongo da. Jardunaldian zehar, Euskal Herriko meatzaritzaren museoaren instalazioak ere bisitatu ahal izango dira.

"Udaletik herriko familia guztiak animatzen ditugu ekimen honetan parte hartzera eta natura eta ingurunea zaintzen laguntzera" bukatu du Vallejo Mendizabalek.