Gernikako Jai Alai frontoian ospatuko da bihar, urtarrilak 31, eskualdeko lehenengo Boluntariotza Azoka. Ekimen honen helburua Busturialdeko gazteen artean boluntariotzaren kultura sustatzea da eta bide batez parte hartzen duten erakundeek boluntario berriak erakartzea.
Ekimena Gaztedi Busturialdeak antolatu du, hau da, Gernika eta Bermeoko gazteria sailek eta Urremendi Landa Garapenak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bizkaia Gara erakundearekin lankidetzan. Bertan eskualdeko 16 eta 18 urte bitarteko 300 ikasle inguru bilduko dira, eta bertan dinamika parte-hartzaileak garatuko dira, gazteek erakundeen lana ezagut dezaten eta elkarteekin lotura sortzeko asmoz.
Prestatutako dinamika hauen helburua gazteek berek, pisten mapa baten bidez, elkarte parte-hartzaileen arteko interakzioa eta ezagutza izatea da. “Beraz, gure helburu nagusia da haiek topatzea eta eurak izatea azokako protagonistak. Azken batean, denok jolasten jarri nahi dugu eta ezagutzen dugun azoka motaren formatua aldatu”, azaldu dute antolatzaileek.
Azokak hainbat gune izango ditu, eta bertan Busturialdeko, Bizkaiko eta Euskadiko boluntariotza-erakundeek parte hartuko dute. Bestalde, Elkartasunerako Europako Kidegoko bi kidek eta boluntario izan den San Fidel Ikastetxeko ikasle batek beren esperientzien berri emango diete nahi duten gazteei.
Horrekin guztiarekin, boluntariotzako erakundeek egiten duten lana ezagutarazi nahi da, eta interesa duten gazteak boluntariotzako programetako batean aktiboki parte hartzera animatu.
Beraz, hitzordua bihar, urtarrilak 31, 09:30etatik 13:30etara izango da, Gernikako Jai-Alai Frontoian, eta hasiera batean Busturialdeko ikastetxeak parte hartzen duten arren, ateak irekita egongo dira boluntarioei buruz gehiago jakin nahi duten guztientzat.