Asteburu honetan San Polikarpo jaiak ospatuko dira Gautegiz Arteagan eta bertako alkate Patrik Saituaren hitzetan, “tradizio handiko egun hau ospatzea garrantzitsua da herri sentimendu hau belaunaldi berriei transmititzeko”. Programazioa urtarrilaren 25ean hasiko da San Polikarpo Lasterketa Herrikoiarekin, 11:00etatik aurrera, Gazteluzar txokoaren inguruan, Kros lasterketa honetan, lehenik eta behin, 2 eta 11 urte bitarteko txikienen txanda izango da, eta 11:30etatik aurrera helduen lasterketa hasiko da, 5,5 kilometroko ibilbidearekin herrian zehar. Lasterketan parte hartzeko izena eman beharko da www.buscametas.com webgunean, edo lehiaketa egunean bertan, 09:30etatik aurrera. Lasterketa hau Udalak eta Gartiape Kirol Klubak antolatzen dute.
Hilaren 25ean, arratsaldean, Pala Txapelketako Finala ere jokatuko da, 16:00etatik aurrera. Eta 20:30ean haurrek primeran pasatuko dute Esna Gazte ikuskizunarekin.
San Polikarpo egunean, urtarrilaren 26an, ospakizuna Meza Nagusiagaz hasiko da Andra Mariko Eleizan. Ondoren, bertaratzen diranek Artie Dantza Taldearen dantzak eta hamaiketako, bertan Etxebarrria aita semeak trikitilariak izango dira giroia alaitzen.
Arratsaldean, berriz, 17:30etan hasita, esku pilota jaialdia izango da frontoian. Lehenik Lea Ibarra Motrollo Pelota Alkarteak antolatutako haur eta gazte mailako partidak jokatuko dira, eta ondoren pilotari profesionalen txanda izango da: Urrutikoetxea eta Lizeaga Zabala eta Erostarbe bikotearen aurka. Sarrerak salgai daude Gautegiz Arteagako Herriko Tabernan eta Egala tabernan 10 euroko prezioan.