Datorren otsailaren 23an Donostian ospatuko den Lilatoian parte hartu nahi duten Ondarroako emakumeek herriko Etxelila Aringaingan taldean eman dezakete izena, urtero bezala aldarrikapen lasterketa honetan parte hartuko duena.

Lilatoia kirolaren bidez emakumeak ahalduntzea bilatzen duen ekitaldia da, osasuna, inklusioa eta talde-lana sustatuz. “Azken urteetan bezala, Ondarroatik Etxelila Aringaingan taldea osatuko dugu. Etxelilako bulegotik lasterketa izena emateko tramitea egingo dugu: lasterketan izena eman, ordaindu eta bulegoan bertan dortsalak eta kamisetak jaso. Autobusean izena emateko aukera ere badago”, zehaztu dute Aringainganetik.

Iaz, hirugarren talde jendetsuenaren saria irabazi zuen Etxelila Aringaingan taldeak eta 2023an, bigarren jendetsuenarena. Sari nagusia ere irabazi izan dute. Dortsalak gehi kamisetak 15 euroko prezioa dute, eta autobusak, berriz, 5 eurokoa. Izen-ematea urtarrilaren 23ra arte egin daiteke Etxelilan, asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara. Asteazken eta ostegunetan, 10:00etatik 13:00etara.