Abanto Zierbenako Udalak 37.000 euroko aurrekontua bideratuko du udalerrian txakurren aisialdirako hiru gune berri sortzeko. Gune horiek El Cerro kalean (3.400 m²), Sanfuentesko Serantes Etxetaldea kalean (1.600 m²) eta Las Carrerasko El Campón etorbidean (4.200 m²) kokatuko dira.
Mugatutako eta informazio-kartelen bidez seinaleztatutako gune hauetan txakurrak aske egon ahal izango dira (uhalik gabe), beste txakur batzuekin ariketa fisikoa egiteko, jolasteko eta gizarteratzeko, haien jabeek gainbegiratuta eta kontrolpean. Parke hauen sorrerak, beraz, abantarrek beste pertsona batzuei enbarazu egin gabe maskotez gozatzeko beharrari erantzuten dio; baita udal-ordenantzaren arabera, animaliek dagokien uhalarekin joan behar duten beste parke edo berdegune batzuetako elkarbizitza hobetzearen beharrari ere. Aipatzekoa da, itxitura duten eremuak prestatzeaz gain, iturri mistoa eta txakurren jolas eta zabu gunea jarriko direla gune horietan.
Erabilera-arauei dagokienez, nabarmendu behar da arriskutsuak izan daitezkeen animaliek ezingo dituztela eremu horiek erabili. Era berean, animalien jabeek edo laguntzaileek beren maskotak zaindu beharko dituzte eta animaliak edukitzeari buruzko ordenantzako baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki gorotzak biltzeari eta animaliak etengabe kontrolpean edukitzeari buruzko puntuak. Gogoan izan behar da atea itxita egon behar dela une oro.
"Udaletik uste dugu komenigarria dela horrelako parkeak izatea udalerrian, animalien ongizatea hobetzeko eta herritarren ongizatea eta bizikidetza bermatzeko. Beraz, erabiltzaileak gonbidatzen ditugu eremu berri horiek erabiltzera eta haietaz gozatzera, betiere arauak errespetatuz", adierazi du Juan Vallejo Mendizabal Gazteria, Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak.