Síguenos en redes sociales:

Garbiketa-zerbitzu berezia jarriko du martxan Getxoko Udalak

Getxoko Udalak martxan jarriko du, datozen egunetan ospatuko diren jaiegunei begira, garbiketa- eta hodakinen bilketa-zerbitzu berezia. Hala, operatiboa handitzeaz gain, lan-ordutegiak aurreratuko dituzte baita ere, udalerriaren beharretara egokitzeko.

“Gure kaleak ahalik eta itxura txukunenarekin nahi ditugu, batez ere Gabonetan, kristal, ontzi eta kartoi hondakinen bolumena handitzen denean, kontsumoa handiagoa delako. Garrantzitsua da herritarrak, merkataritza eta ostalaritza elkarlanean aritzea, hondakinak behar bezala bereiziz eta edukiontziak behar bezala erabiliz. Horrela, garbiketa zerbitzuen indartze bereziarekin batera, kale garbiagoak eta atseginagoak lortuko ditugu egun berezi hauetan", nabarmendu du Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Janire Ociok.

Hona hemen egin diren aldaketa nagusiak:

Bilketa-zerbitzua

Ontziak biltzea: Zerbitzua goizeko txandan egiten da, normalean egiten den bezala. Abenduaren 23ko aste honetan zerbitzua aldatu da, ontzien bilketa indartuz, egun hauetan sortzen diren hondakin gehiagori erantzun ahal izateko. Egunero ibilbide erdia gehitzen da beharrei erantzuteko. Abenduaren 23an eta 30ean edukiontzi guztietan jarduten da, hutsik edukitzeko eta hilaren 24an eta 31n sortzen den hondakin guztia jaso ahal izateko.

Paperaren eta kartoiaren bilketa: Zerbitzua goizeko txandan egiten da, normalean egiten den bezala, eta indartu egin da sortzen den hondakin kopuru handienari erantzun ahal izateko, batez ere Internet bidezko erosketaren ondoriozko kartoiagatik. Era berean, bereziki indartuko da abenduaren 26an eta urtarrilaren 7an, Olentzero eta Erregeen ondoren, jostailuen eta gainerako oparien bilgarriak kentzeko.

Gainezkatutakoak: Zerbitzua indartu egiten da aste hauetan, edozein arrazoirengatik edukiontzitik kanpo geratzen diren hondakinak ahalik eta gehien biltzeko. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean zerbitzua indartuko da goizeko txandan, beste ekipo batekin, 24 eta 31ko gauetan utzitako hondakinak garbitzeko.

Dendak: Zerbitzua arratsaldeko txandan ematen da egunero, jaiegunetan izan ezik (abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an, eta igandeetan). Hilaren 24an eta 31n, langile bat gehiagorekin indartzen da zerbitzua, baita arrandegietan ere. Behar izanez gero, langile horiek edukiontzietatik kanpo geratu diren hondakinak batzeko edo bestelako gorabeheratan jarduteko bideratu ahal izango dira.

Garbiketa-zerbitzua

Algorta inguruko baldeoa: San Nikolas eta Telletxe plazetako zerbitzua bereziki indartu da, erabilera intentsitate handia dutelako.

Areetako baldeoa: Eskoletako plazako eta Paulino Mendibil eta Andrés Larrazabal kaleetako zerbitzua bereziki indartu da, arrazoi beragatik.

Bestalde, hilaren 25eko goizean, aurreko gaueko Olentzeroen hondarrak garbituko dira, eta Erregeen kabalgatagatik, zerbitzua beste urte batzuetan bezala egingo da, arratsaldean ekortzeko makinak eta beste ekipo batzuk indartuz, garbiketa kabalgata amaitutakoan egiteko. Gainera, bereziki zainduko dira hilaren 24ko Igeriketa Txapelketako dutxak eta sortzen diren beste behar batzuk (Umeen Gabonetako Parkeko zakarrontziak desmuntatzea, ondorengo garbiketa…).

Ordutegiei dagokienez, abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean, aldatu egingo dira, alde batetik, garbiketa-lanak bizkortzeko, eta, bestetik, arratsaldeko zerbitzuak aurreratu ahal izateko eta zerbitzuko langileei etxera zentzuzko ordu batean iristea eta familiarekin ospatzea ahalbidetzeko.