Urtea kirola eginez amaituko dute Amorebieta-Etxanon, bertan ospatuko baitira Xtrem Zornotzak, Zornotza Mendi Taldeak eta Aetriatloik antolatutako jarduerak. Lehenengo ekitaldia datorren asteartean izango da, abenduaren 24an, eta bestea astebete geroago, hilaren 31n.
Belatxikieta Igoera
Lehen hitzordua abenduaren 24an izango da, XX Belatxikieta Igoerarekin. Modalitate anitzetarako aukera izango da: oinez (9:30ean), trailean (10:15ean), canicrossean (10:20an) edo BTTn (10:30ean).
Ibilbide guztiak Zelaieta Parketik hasiko dira, eta 14 kilometroko ibilbidea izango dute, BTT modalitatean izan ezi; kasu horretan 12 kilometrokoa izango da ibilbidea. Izen-ematea bertan egin ahal izango da, oinezkoentzat 5 euroan eta gainerako modalitateetarako 10 euroan. Gainera, hainbat zerbitzu eskainiko dira, hala nola bi hornidura puntu, dutxa eta bizikleta garbiketa zerbitzuak, eta amaieran hamaiketakoa, txorizoa, salda eta garagardoarekin.
Abenduaren 31ko ekitaldiak
Urtearen azken egunean, abenduaren 31n, bi ekitaldi nagusi izango dira. Goizean, Belatxikieta Igoera Tradizionala izango da protagonista, urteari agur esateko herritarren artean ohiko den moduan.
Zornotza Mendi Taldeak antolatutako igoera honen irteera 9:00etan izango da Zelaieta Parkeko iturri ondotik, eta igoera bide errazetik egingo da. 11:00etan Belatxikitako ermita aurrean parte-hartzaile guztien argazki erraldoia aterako da, eta ondoren luntxa egingo da. Ekitaldi honetan parte hartzeko ez da izen-ematerik behar, eta edonor gonbidatuta dago mendi-giroaz gozatzera.
Arratsaldean, kirola herriko kaleetara itzuliko da San Silvestre Herrikoiarekin, Amorebieta-Etxanoko Triatloi Taldearen eskutik. Lasterketa honen irteera eta helmuga Zelaieta Parkean izango dira. 16:30ean, familientzako 300 metroko korrikaldia egingo da, eta ondoren, 16:40ean, 3,5 kilometroko lasterketa herrikoia egingo da, sailkapenik gabe eta giro lasai eta parte-hartzailean. Gainera, parte-hartzaile bakoitzeko 2 euro elkartasunerako bideratuko ditu Amorebieta-Etxanoko Triatloi Taldeak. Amaieran, helmugan, parte-hartzaile guztiek jateko eta edateko aukera izango dute.