Astero bezala, Ermua Antzokiak ezagutzera eman ditu ostegunetik igandera bitartean proiektatuko dituen filmak. Oraingo honetan, No Other Land dokumentala, Borgo film komertziala, Wicked musikala eta animaziozko SuperKlaus filmak ikusi ahal izango dira.

Zineklub saioak emango dio hasiera asteko programazioari No Other Land Israel eta Palestinaren arteko gatazkari buruzko dokumentalaren eskutik. Basel Adra, Zisjordaniako Masafer Yatta-ko ekintzaile palestinar gaztea, haurtzarotik ari da borrokan Israelgo agintariek bere komunitatea masiboki kanporatzearen aurka. Bere jaioterriko herriak gainbehera geldoan erauztea dokumentatzen du, non gobernu israeldarrak bidalitako soldaduek pixkanaka etxeak eraitsi eta bertako biztanleak kanporatzen dituzten. Halako batean, Yuval kazetari israeldarra ezagutuko du, bere ahaleginetan laguntzen diona. Horrela, aliantza gertagaitz bat sortzen da, baina bien arteko harremana teinkatu egiten da bereizten dituen desberdintasun izugarriagatik: Basel okupazio militarraren pean bizi da, eta Yuval, berriz, askatasunez eta murrizketarik gabe bizi da. No Other Land ostegunean emango da, 20:30ean, jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin.

Asteko lehen film komertziala Borgo izango da, Stephane Demoustier frantziarrak zuzendutako kartzelako drama, Hafsia Herzi, Moussa Mansaly eta Louis Memmi aktoreekin. Benetako istorio batean oinarritutako film luze honetan, Melissa, eskarmentu handiko 32 urteko espetxe-zaindaria, Korsikara joango da bere bi seme txikiekin eta senarrarekin. Hutsetik hasteko aukera bat da, besteak bezalakoa ez den espetxe bateko langileekin arituko baita. Hemen esaten da presoak direla zaindariak zaintzen dituztenak. Melissaren integrazioa Saveriuk errazten du, eragin handikoa dirudien preso gazte batek, eta bere babespean hartzen du. Baina behin aske, Saveriu Melissarekin harremanetan jarriko da berriro. Mesede bat eskatu behar dio... Borgo larunbatean 19:30ean eta astelehenean 20:30ean proiektatuko da.

Bigarren zinta komertziala Wicked izango da, Broadwayko musikal txalotuaren egokitzapena, Cynthia Erivo eta Ariana Grande protagonista nagusiekin Jon M. Churen gidaritzapean. Ozeko lurraldean girotua, Dorothy Gale Kansasetik iritsi baino askoz lehenago. Elphaba neska gazte bat da, bere kolore berde ezohikoagatik jendeak ulertu ez duena eta oraindik bere benetako boterea aurkitu ez duena. Glinda bere pribilegioek eta handinahiak markatutako gazte ezagun bat da, oraindik bere benetako pasioa aurkitu ez duena. Biek Shiz Unibertsitateko ikasle bezala ezagutzen dute elkar, Ozeko Lur fantastikoan, eta adiskidetasun ezohiko baina sakona sortzen dute. Tramak Broadwayko musikalaren lehen ekitaldiko gertaerak biltzen ditu, eta larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emango da.

Haurrentzako zinemari dagokionez, igandean 17:00etan hasiko da SuperKlaus, Gabonetako animaziozko abentura dibertigarria. Buruan kolpe handi bat jaso ondoren, Santa Claus SuperKlaus delako ustean esnatuko da, film-saga ezagun bateko superheroia. Horrek kaosa sortzen du Ipar Poloan, eta Fafnir jostailu-fabrikatzaile zekenak egoera aprobetxatzen du Santa tailerraren kontrola hartzeko. Billiek, ume maltzur eta ausartak, C.A.R.L. robotak eta Leo elfoak bakarrik zapuztu ahal izango dituzte beren asmo gaiztoak, eta Gabonak salbatu beranduegi baino lehen.