Elorrioko Udaleko Berdintasun sailak bere poza adierazi du Jabekuntzarako Eskolako ikastaroen balantzea egin ondoren. Guztira 93 emakumek hartu dute parte udaberrian eta udazkenean zehar antolatutako bederatzi saio ezberdinetan. Ikastaroen koste osoa 6.356,96 eurokoa izan da.

Detaileetan sartuta, arrakastatsuenak hilekoaren ikastaroa eta brikolajearena izan dira, partaide kopuru altuak bi talde antolatu behar izatea ekarri baitu. Erabiltzaileek espreski eskatu dute hilekoaren gaia urtero lantzea. Bestetik, zoru pelbikoaren saioek ere interes handia piztu dute. Aurtengo nobedadeetako bat gazteei begira antolatutako shibari formakuntza izan da. 

Adinari dagokionez, 46 eta 60 urte artekoak dira Jabekuntza Eskoletako partaiderik ohikoenak. Iazko datuekin alderatuta, gazteenen eta nagusienen portzentajeak igo dira, hain zuzen, hilekoaren eta brikolajearen ikastaroetako hartzaile asko adin hauetakoak izan direlako, hurrenez hurren. 

Hori horrela, partaideen balorazioak oso onak dira: hizlariak eta tokia oso aproposa iruditu zaizkie (Iturri Kultur Etxean egin dira ikastaro guztiak); eta ikastaroak oso praktikoak. Proposamen berriak ere egin dituzte: esaterako, loragintza, iturgintza eta barre-terapia lantzea eskatu dute aurrera begira. Eta, oro har, ikastaroak luzatzeko nahia ere erakutsi dute. 

Ikastaro guztietako edukiak askotarikoak badira ere, helburu nagusiak emakumeen ahalduntze indibidual, kolektibo eta sozialarekin estuki lotuta daude. Adibidez, emakumeen autonomia, parte-hartze soziala, gure gorputzen gaineko kontzientzia eta kontrola, emakumeenganako zapalkuntzen eta diskriminazioen kontzientzia eta beste hainbat kontu lantzen dira.

Azkenik, ekainean udaberriko berdintasun sailaren ekimenetan parte hartu duten emakumeekin jaia ospatu zen, eta nahiz eta eguraldi kazkarra egin, partaidetza handia eta giro ona nagusitu ziren. Zalantza barik, urtetik urtera egitea merezi duen ekintza da.