San Frantzisko Herri ikastetxeko patioa izan da bermeotarrek gehien bozkatu duten proiektua Bermeoko 2025erako aurrekontu parte-hartzailetan. Proiektu honek 291 boto jaso ditu, bigarrenak baino bi gehiago bakarrik. Udalak lan horiek ahalik eta arinen egiteko konpromisoa hartu du.

Bigarren postuan, 289 bozka jasota, Arraun elkartean hobekuntzak egiteko proposamena geratu da. Hirugarrena, berriz, 177 botorekin, padel pista bi egiteko proposamena izan da.

Bigarren urtez, Bermeoko Udalak antolatutako aurrekontu parte-hartzaileak “arrakastatsuak” izan dira, parte hartzea “altua” izan dela nabarmenduta. Hain zuzen ere, 1.930 boto jaso dira, iaz baino 377 bozka gehiago. Bozka gehienak Internet bidezkoak izan dira. Gainera, aurten, udalak bozka emateko plataforma berria martxan jarri du, eta horrek bozka deusezak ekidin ditu, “bozkatu duten herritar guztiek onartutako baldintzen arabera egiten dutela bermatuta”. Hartara, Internet bidez jasotako botoak 1786 izan dira, eta 144, berriz, paperezkoak, kutxa desberdinetan. Berhaz bulegoan (54 boto) eta liburutegian (49) jaso dira paper bidezko boto gehienak. Gogoratu beharra dago, proposamen bakarra bozkatu ahal zela eta herritar bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal zuela; ezinbestekoa zen Bermeon erroldatuta egotea.

Datu oso onak direla aipatu du Miren Gabantxo Uriagereka, Berrikuntza, Gobernu Ireki eta Herritarren Arreta saileko zinegotziak: “Oso pozik gaude parte hartzearekin, iaz baino bozka gehiago izan dira aurten. Datuok adierazten dute herritarrak konfiantza hartzen ari direla aurrekontu parte-hartzaileetan. Herritarrek ikusi dute, iazko proposamenen zerrendatik ez dela bakarrik irabazle geratu zen proiektua gauzatu. Iazko zerrendatik 22 proposamen eginda daude, eta beste batzuk bidean daude. Izan ere, herritarren proposamenek gure lehentasunak markatzen dituzte, oso kontuan izaten ditugu”.

203 proposamenetik 76

2025eko aurrekontu parte-hartzaileen barruan, 203 proposamen jaso dira, eta horietatik 76 heldu dira bozka emateko fasera; mota askotako proposamenak egon dira aukeran. Honakoak izan dira kontuan proposamenak aukeratzeko orduan: Interes orokorrekoak izatea, udalaren ahalmen eta eskumenen barruan egotea, eta gehienez, 50.000 euroko aurrekontuarekin egin ahal izatea.

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk adierazi du, beste urte batez, aurrekontu parte-hartzaileen bidez, bermeotarren nahien mapa bat ezagutzeko aukera izan dutela, eta hori “oso garrantzitsua” dela udalarentzat, “lehentasunen artean kontuan hartuko dituztela” nabarmenduta.

Bermeoko Udalak eskerrak eman gura dizkie 2025eko aurrekontu parte hartzaileetan proposamenak egin eta bozka eman duten horiei guztiei.