Hamazortzi emanaldiz osatutako egitaraua eskainiko du Ermua Antzokiak 2025eko urtarriletik maiatzara bitartean. Horrela, Ermua eskualdeko kultur erreferentea izaten jarraituko da, aniztasuna eta kalitatea nahasten baititu Ermuko Udaleko Kultura sailak prestatutako programazioak.
Programazio berriak hamar musika emanaldi batzen ditu, eta bertan lehen mailako hainbat izen nabarmentzen dira: María José Llergo abeslari andaluziarra, estilo bakar eta sakonagatik ezaguna; Muerdo musikari murtziarra, mestizaje musikalez jositako proposamenarekin; Merino bikotearen pop freskoa; Jon Maiaren Kantu berri bat gara proiektu zirraragarria, edota Korrontzi folk taldea, Alboka Musika Eskolako Bandak lagunduta etorriko dena.
Atal eszenikoan eskainiko diren zortzi obretan, azpimarratzekoak dira Luisa Martín eta Olivia Molina aktoreak, Malditos tacones antzezlanarekin ikuskizun ederra emango dutenak; Arizona euskarazko komedia, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiarekin; María Goiricelaya zuzendari ospetsuaren Ni flores, ni funeral, ni cenizas ni tan tan muntaia berria, edo Las niñas de Cádiz konpainia andaluziarraren Las bingueras de Eurípides barrez lehertzeko moduko komedia.
Haurrentzako ikuskizunek ere lekua izango dute agendan, besteak beste, Goazen 11.0 musikalarekin, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Loreren Ostirala iritsi da! ikuskizun berriarekin, eta Scrooge eta Mamuak, Dickensen Gabonetako ipuin klasikoaren egokitzapenarekin, Khea Ziaterren eskutik.
Kalitatea mantentzeko eta publiko guztien interesei erantzuteko arreta handiz diseinatu da egitarau berria, eta hizkuntzen artean oreka du helburu: 7 emanaldi euskaraz izango dira, 7 gaztelaniaz eta 4 beste hizkuntza batzuetan. Artisten jatorriari dagokionez, 9 lan euskal konpainia edo artistenak dira, 7 estatukoak eta 2 nazioartekoak. Bestalde, aipatzekoa da egitarauak ikuskizun komikoak nahiz dramatikoak biltzen dituela, baita hainbat musika-estilo ezberdin ere, hala nola popa, folka, bluesa, musika klasikoa, egile-abestia edo flamenkoa.
Beatriz Gamiz alkateak azpimarratu duenez, "programazio hau Ermuak kulturarekin duen konpromisoaren isla da, tresna eraldatzaile eta kohesio sozialaren eragile bezala duen indarra aintzat hartuz. Ekintza hauen bitartez, entretenitzea ez ezik, komunitate gisa konektatzea, hunkitzea eta hausnartzea nahi dugu".
Ikuskizun guztietarako sarrerak Lobiano Kultur Gunean eta Kutxabanken webgunean egongo dira eskuragarri abenduaren 12tik aurrera, osteguna, goizeko 9:00etatik hasita.