40 establezimenduk, iaz baino bi gehiagok, hartuko dute parte Sestaoko Udalak Merkatarien elkartearekin batera martxan jarritako Erakusleihoen Lehiaketaren 27. edizioan. Ekimen honen helburua Gabonetan udalerriko merkataritza sustatzea da.
Amaia Cáceres Merkatarien Elkarteko presidenteak eta Jesús Amenedo Merkataritzako zinegotziak eman dute aurtengo deialdiaren berri. Ildo horretan, aurtengo edizioa berritasunez beteta datorrela nabarmendu du Caceresek: "Lau sari banatzetik zazpi lehen sari ematera pasatuko gara hainbat kategoriatan, eta kategoria horietako bat reel onenarena da, tokiko merkataritza digitalizatzen joatea eta sare sozialetan presentzia izatea nahi dugulako". Amenedok, bestalde, "arrakastatsutzat" jo du berrogei saltokik lehiaketan parte hartzea, eta eskerrak eman dizkie profesional guztiei "lehiaketa honetan jartzen duten gogo eta pozagatik, Gabonetako jaiak hobeto bizitzen laguntzen digutelako".
Parte hartzen duten establezimendu guztiek hori egiaztatzen duen bereizgarri bat jasoko dute, sarietarako aurkezten den erakusleihoan ikusgai jartzeko. Horrez gain, urre-koloreko alfonbra bat ere jasoko dute establezimendua erakargarriago egiteko.
Herritarrek abenduaren 9tik 24ra bitartean aukera izango dute beren erakusleiho gogokoenaren alde bozkatzeko. Horretarako, atxikitako establezimendu guztiak eta haien helbideak jasoko dituen liburuxka bat banatuko da, eta establezimenduei bozketa-txartelak eta hautestontziak emango zaizkie, bezeroek erosketa-txartel bakoitzarekin botoa emateko.
Bozketan parte hartzen dutenen artean sari hauek zozkatuko dira: parte hartzen duten establezimenduetan kontsumitzeko 100 euroko hiru erosketa-txartel, urtarrilaren 10era arten balioa izango dutenak, eta merkataritza-galara joateko 10 sarrera bikoitz.
Berrikuntza gisa, eta sektorearen digitalizazioa sustatzeko, gabonetako Reel-n lehiaketa ere egingo da aurten.
Epaimahai profesional batek ebaluatuko ditu erakusleihoak kategoria hauen arabera: sormena eta originaltasuna, argiztapena eta efektu bisuala, materialen erabilera eta jasangarritasuna, produktuaren eta lokalaren integrazioa, barruko dekorazioa eta Gabonetako reel onena. Kategoria bakoitzean hiru finalista aukeratuko dira, errekonozimendu gisa diploma bat jasoko dutenak, eta haien arteko irabazleak 400 euroko saria irabaziko du. Gainera, publikoaren saltoki gogokoenak 100 euroko saria jasoko du.
Sariak emateko gala 2025eko urtarrilaren 9an, osteguna, izango da, arratsaldean, Sestaoko Musika Eskolako aretoan.
Gala jai berezia izango da tokiko merkataritzarekin bat egiten duten guztientzat eta bertara joaten direnek ekitaldian zehar zozketetan parte hartu eta sariak eskuratu ahal izango dituzte (50 euroko 5 erosketa-txartel).