Aurtengo Durangoko Azokak 933 nobedade ekarriko dizkigu. Horietan guztietan, hainbat eskualdeko sortzaileenak izango dira. Zehazki, Durangaldeko zigilua duten ia 100 lan eskuragarri izango dira Landako Gunean. Adibidez, Iurretako berbeta eta literatura:sator hegalariak (Pamiela, 2024) izeneko liburua ere eskuragarri izango da. “Iurreta herri txikia da, baina hizkerari eta kulturari eutsi diena, eta kofradiei, eta politizazioari, eta beste gauza askori, bizimodu modernoan sarturik ere, eta globalizazioa saihestu gabe. Hortxe jaio da liburu hau, XIX. mendetik egunok arte Iurretan euskaraz idatzitako gauzak biltzen dituena”, laburbiltzen da Xabier Bovedak (Durango, 1961) eta Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) idazleak editatu duten liburutik.
Auzolanean eginiko liburuaren abiapuntua hasiera baten Iurretako eta Durangaldeko testu zaharra biltzea zen, baina denetarik aurkitu daiteke: Abesti zaharrak, ipuin miresgarriak, gerraurreko prentsako kronika lokalak, XX. mendeko ahozko testigantzak, eta idazle ezezagunen testuak. “Liburu bera ere altxorra da, bertan gure herriko Kultur ondarearen zati bat jasotzen delako eta guretzat garrantzitsua da gure kultura-ondarea berreskuratzea, mantentzea eta kontserbatzea, eta lan honekin hori lortzen dugu”, adierazi zuen Oskar Koka Iurretako alkateak.
Orain dela bost urte hasi ziren proiektu honekin eta liburu hunkigarria eta derrigorrezkoa bada iurretarrentzat, nondik datozen jakiteko eta nora joan nahi duten pentsatzeko, ederra eta argitzailea da beste edozein euskaldunentzat ere. “Iurretako Udalari, ilusio eta poz handiz herriko ondare literarioa sustatzeaz gain, hurrengo urteetan zehar Durangaldeko ondare literarioa jasotzea eta ezagutaraztea helburu izango duen bildumaren lehenengoa aurkeztea tokatu zaio. Auzolanean lan egin duten Durangaldeko bolondres hauek, gure hizkuntzaren eta literaturaren historia lokala errekuperatu nahian batu dira, baina imajinatzen zutena baino altxor handiagoa aurkitu dute”, eskertu zuen Zorione Fundazuri Kultur arloko zinegotziak.
Liburuaren hedapena
Iurretako Udalak liburuaren hainbat ale eskuratuko ditu proiektuari bere ekarpena egiteko eta liburuari berari bizia eman nahi dio zenbait ekintza antolatuz egileen parte-hartzearekin batera, horrela, “Udalaren asmoa eta erronka liburuko edukiak dinamitzazea da, herritarrengana hurbilduz eta liburuari balio erantsia emanik”, aurretu zuen Fundazurik.
Helburu horrekin, abenduaren 17an aurkezpen didaktikoa izango da liburuko egileekin Ibarretxe Kultur-Etxeko Areto Nagusian, eta Iurretako eskoletako irakasle, ikasle eta Bibliotekako irakurketa klubetako partaideentzat liburuko edukien lanketa tailerrak eskainiko dituzte egileek.
Bestalde, liburuan agertzen diren abestien kontzertua eskainiko da herriko eta Durangaldeko kantari eta musikariekin eta bibliotekak abian daukan Iurreta ezagutu programaren baitan bisita gidatuak antolatuko dira toponimiaz eta liburuan aipatzen diren beste gaien inguruan. Azkenik, apirilaren 23an Liburuaren Egunaren harira irakurketa publikoa antolatu nahi da, bertan liburuko testuak irakurtzeko asmoarekin.
Laburrean
Liburu aurkezpena. ‘Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak’ Durangaldeko ondare literarioaren bilduma izango denaren lehenengo alea da. Xabier Boveda durangarra eta Joseba Sarrionandia idazle iurretarak editore lanak egin dituzte eta bertan Iurretako euskara eta erreferentzia literarioa jasotzen da.
Hedapena. Abenduaren 17 aurkezpen didaktikoa egingo da.