Santurtziko Udalak datorren ostiralean, azaroaren 29an, hasiko du Gabonetarako atzerako kontaketa, Casta Torre jauregian egingo den ekitaldi berezi batekin. Bertan, Gabonetako argiak piztuko dira lehendabiziz aurten, arratsaldeko 19:30ean hasiko den ekitaldian.

“Urtero pozkarioz hartzen ditugu Gabonak, urte osoko garairik politena da eta. Horregatik, aurten ere, Santurtzi eder jantzi nahi dugu, argitsu eta alai. Udalean lanean aritu gara gertu ditugun egun horiei ongi etorria egiteko. Eta asmo horrekin gure herriko kaleak argiz eta apaingarriz bete ditugu, Gabonetako giro magikoak Santurtzi bera eta bertoko zerbitzuak, ostalaritza eta merkataritza kasu, gehiago gozatzen lagundu diezagun” adierazi du Karmele Tubilla herriko alkateak.

Esan bezala, argiak azaroaren 29an piztuko dira arratsaldeko 19:30ean Casa Torre jauregiko zabalgunean egingo den Gabonetako ekitaldi baten bitartez. “Iaz arratsalde berezia bizi izan genuen, eta aurten ere, magiaz betetako beste egun bat bizi nahi dugu berriro. Aurten Udalak eta Merkatarien Elkarteak elkarlanean antolatutako postalen lehiaketa irabazi duten ikasleek sakatuko dute gurean Gabonei hasiera emango dien “botoia”. Bestalde, merkatariak oso garrantzitsuak dira garai honetan, eta horregatik, parte-hartzaile aktiboak izango dira aurreikusitako jarduera guztietan. Gainera, arratsalde horren giro magikoari amaiera emateko txokolatada handia egingo da Gernika Parkean musikaz lagunduta, oraingo honetan DJ Roll-en eskutik” gaineratu du Tubillak.

Gabonetako apaingarriak eta argiak

Udalak 150 bat apaingarri eta arku jarriko ditu herriko kale eta auzoetako faroletan. Aurten aurreko urteetan baino gehiago izango dira, Santurtziko toki gehiagotan jarriko dira eta. Berrikuntza gisa, urte honetan Arrantza Portuko saregileetan, Mendialde gunearen inguruan, Iparragirre kaleko biribilgunean eta Kabiezeseko Lauaxeta aldean ere ezarriko dira argiak. Ohi bezala, girlandez apainduko dira Parke Nagusiko eta Gernika Parkeko palmondoak eta zuhaitzak, sekuoia, Egoitzan dauden palmondoak eta, Kabiezeseko biribilgunea eta paskueroz erdialdeko 80 farola klasikoak.

Horrez gain, udalak hitzarmena du San Jorge LHrekin prestakuntza-zikloetako ikasleek proiektu jasangarriak eta berriak egin ditzaten. Horren harira, Udalaren jabegopeko 12 apaingarri zahar berriztu eta modernizatuko dituzte led argietara egokituz eta kolorea aldatuz RGB sistemaren bitartez.

Energia aurreztea

Bestalde, duela zenbait urte, Udalak led argiak jarri zituen Gabonetako argiterian, eta apustuari eutsi nahi izan zaio, dirua eta energia aurreztea dakarrelako.

Horrez gain, Gabonetako argiteriaren hornidura elektrikoa argiteria publikotik egiten da, eta beraz, kostuak murriztu egiten dira, behin-behineko kontratu asko ekiditen dira eta. Horiek horrela, iaz bezala, apaingarrietan tenporizadoreak (eta beste elementu lagungarri eta babesgarri batzuk) ezarriko dira, aldez aurretik zehaztutako denbora-tarte jakin bat igarota, Gabonetako argiak itzal daitezen.