San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturala Bermeok (SMB) Udalarekin batera egindako lanari esker, datorren ostiraletik igandera bitartean, hau da, azaroaren 15etik 17ra, San Martin auzoko jaiak ospatuko dira. Astelehen honetan, Bermeoko Udaletik prestatu duten egitaraua aurkeztu dute.
“Musika aldetik, publiko guztientzako kontzertuak antolatu ditugu. Gainera, umeei garrantzia handia eman gura izan diegu (mozorroak, jokoak…), baita kirolari ere; esaterako, San Marton lasterketa berreskuratu dugu, eta eskubaloia kalean ere egongo da, beste hainbesteren artean. Denetarik landu dugu, herritar guztiek ondo pasatzeko aukera izan dezaten”, azaldu dute SMB elkartetik. Gainera, antolatzaileen helburua jaia auzo guztira zabaltzea izan da. Horregatik, gune nagusia San Martin kalean egongo bada ere (umeentzako parkea eta kalistenia gunea dauden ingurua), auzo guztira zabaldu dituzte ekintzak, auzoko gune desberdinak erabilita.
Ekimen honen jatorria gogoratu dute: “Denbora asko generaman, San Martin jaiak gogoratzen. Duela urteetako San Martin jaietan kontzertuak zeudela gogoratzen genuen, giro izugarria zegoela, San Marton lasterketa egiten zen... Gainera, kanpotik ikusten zen auzoko pertsonak oso elkartuta zeudela. Nostalgia ematen zigun beste auzo batzuetan jaiak mantentzen jarraitzea, eta, gurean, hobeto kokatuta egonda, jairik ez egotea, pena handia ematen zigun”.
Jaiak antolatzeko beste ideietako bat zen, auzoan bizi diren pertsonek elkar ezagutzea, eta adin guztietako pertsonak elkartzea eta horien guztien inplikazioa lortzea. “Auzoa asko hazi da, hainbat eremu integratu ditu, baina giza kohesio hori falta zen”, diote. 2023. urtearen amaieran hasi zen hau guztia, asmo berdinak zituzten 6 laguneko talde bat elkartuz: “Lehenengo urratsa San Martin Auzoko Elkarte Soziokulturala Bermeo (SMB) sortzea izan zen. Oso lan gogorra izan da, jaiak berreskuratzea, elkarte bat sortzea, dokumentazioa, hainbat pertsonarekin biltzea, beste elkarte batzuekin, Udalarekin... Ordu asko izan dira, bilera asko, ez da lan erraza izan, denbora pertsonal handia eskatzen du, oztopoak gaindituta, baina beti ilusio handiz”.
Horrela, ideia eta ilusio askorekin, forma ematen hasi ziren eta finantziazio moduak bilatu zituzten: “Denda txikiei laguntza eskatu genien, antolatu ditugun jarduera guztiak antolatu ahal izateko. Espero dugu antolatu dugun hau guztia lehen urratsa izatea hazi hau loratzeko, auzoa egiteko eta, batez ere, gozatzeko. Jai hauek auzo-lotura bat sortzeko balio izatea ere espero dugu, belaunaldi ezberdinetako pertsonak, betikoak eta berriak elkartzeko, eta Bermeori hainbeste ekarpen egin dizkioten jaiak berreskuratzeko”.
Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotzia “oso pozik” agertu da hainbeste urteren ostean, San Martin jaiak berreskuratu direlako: “Plazer bat da San Martin auzoko jaiak bueltan izatea, eta gaur San Martin egunean bertan, jai horiek aurkezten egotea. Hemen ikusi da, auzolanarekin eta inplikazioarekin posible dela gauza politak egitea. Eskerrak eman gura dizkiet San Martin jaiak antolatzeko lanetan ibili diren guztiei. Hiru eguneko egitarau potoloa antolatu duzue, adin eta gustu desberdinetako herritarrei zuzendutako ekimenekin”. Kultura zinegotziak bermeotar guztiak gonbidatu ditu San Martin jaietan parte hartzera.
EGITARAUA
Azaroak 15, ostirala
- 17:30: txokolatada bizkotxoekin, txosnan
- 17:00-18:00: mozorro lehiaketan izena eman, txosnan; Gaia: San Martin.
- Ondoren: kalejira auzoko tabernetatik
- 19:00: txupinazoa, txosnan
- Ondoren: Asier Romerok auzoko historiari buruzko hitzaldi txiki bat emango du
- 19:15: Mozorro lehiaketaren sari banaketa, txosnan
- 19:30-21:00: Saltsa dantza ekitaldia, Dantzaz Blai taldearen eskutik. Txosnan hasi eta auzoko tabernetatik egingo dute kalejira
- 20:00: Kanta Kanta Lorue txosnatik hasita eta auzoko tabernetatik
- 21:30-00:30: Argitu erromeria, txosnan
- Ondoren: Dj Musika saioa, txosnan
Azaroak 16, larunbata
- 10:00: San Marton lasterketarako dortsalen salmenta txosnan.
- Goiz guztian taloa eta txorizoa txosnan
- 11:00: San Marton lasterketa solidarioa, Eutsi Gogor Danok Batera elkartearen alde. Ibilbide luzea (6.4 km) eta laburra (2.10 km) egongo dira aukeran, Bizkaiko Jaurerria 28tik irtenda. Dortsalak barikuan eta zapatuan egongo dira salgai txosnan
- 12:00-14:00: Umeentzako joko eta tailerrak hiru gunetan.
- 13:00: Arrekatxutxagaz triki-poteoa
- 17:00: Umeen dantza erakustaldia eta disko dantza saioa Rossen eskutik, txosnan
- 20:30-22:00: The Uski´s taldearen kontzertua, txosnan
- 22:30-00:30: Radio Guerrilla taldearen kontzertua, txosnan
- Ondoren: Dj Jaikide, txosnan
Azaroak 17, igandea
- 10:00: Auzo osotik, bigarren eskuko azoka
- 10:00-13:00: Eskubaloia kalean, Urdaibai Eskubaloi Taldearen eskutik, Zubiaur Tar Kepa kaleko plazan
- 12:00-13:00: Fitness ekitaldia Yoli Babioren eskutik, txosnan
- 13:00: Zozketak eta sari banaketak, txosnan
- 13:30-14:30: Umeen danborrada Gaztelugatxe Danborrada Taldearen eskutik, txosnatik hasita
- Ondoren: Jaien amaiera