Síguenos en redes sociales:

Hegoalde etorbidea erabat ireki du Durangoko Udalak

Mugikortasuna hobetzeko eta udalerriko trafikoa arintzeko erronkan aurrerapauso garrantzitsua eman du aste honetan Durangoko Udalak, Hegoalde etorbidea erabat irekiz. Horrekin, herriko azpiegiturak hobetzeko mugarri garrantzitsu bat ezarri du.

Hegoalde etorbideko proiektua 2010ean hasi zen, eta lau fasetan gauzatu da, duen tamaina eta kostu handiak direla eta. Lehen fasea 2010ean hasi zen, eta 2012an amaitu, milioi bat euro pasatxoko inbertsioarekin. Bigarren fasea 2014an hasi zen, 1,4 milioi euroko gastuarekin, eta hirugarren faseak 2018ko abuztuan eman zituen lehen urratsak, 2019ko otsailean amaituz, 825.000 euroko kostuarekin. Laugarren fasea 2023ko maiatzean hasi zen, eta 3,5 milioi euroko inbertsioa ekarri du. Inbertsioa, guztira, 6,75 milioi eurokoa da. Proiektuaren hasierako finantzaketa udalak hartu du bere gain, eta, zati batean, lurren etorkizuneko jabeek ordainduko dituzten urbanizazio-kargen bidez berreskuratuko da.

Hegoalde etorbideko bideak Tabira auzoa Montorretako biribilgunearekin lotzea ahalbidetuko du, ONA enpresarekin eta Alcampo supermerkatuarekin batera, gaur egun herriak zeharkatzen duen trafikoa arintzea helburu nagusitzat hartuta. Azken tarte horrek Durangoko kanpo-eraztuna osatzeaz gain, ibilgailu arinak Abadiñotik N-623 errepidera igarotzen laguntzen du, herrigunea zeharkatu beharrik gabe.

Kalkuluen arabera, gaur egun 9.000 ibilgailuk erabiliko dute bidea lanegunetan. Eguzkitzako industrialdearen garapenarekin, aurreikusten da kopuru hori 12.000 ibilgailura igoko dela lanegunetan.

Galibo-kontrol bi instalatu dira, trafikoa erregulatzeko eta bide berrian tonaje handiko ibilgailuen igarotzea mugatzeko diseinatuak. Neurri horren helburu nagusia da hiri-ingurunea babestea eta kamioi astunek tokiko bide-azpiegituretan duten eragina minimizatzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Gainera, azpiegitura berriari esker, Eguzkitzako industria sektorea sustatuko da, eta, horri esker, Durangon enpresa berriak erakarriko dira eta kalitatezko enplegu aukera berriak sortuko dira durangarrentzat. Azken hilabeteetan, udal arduradunek harremanak izan dituzte hainbat enpresarekin, SPRILURekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, sektore horren garapena eta balio erantsi handiko enpresen ezarpena bultzatzeko.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu duenez, "Hegoalde etorbidea irekitzea urrats estrategikoa da, durangarren eta bisitarien mugikortasuna hobetzeaz gain, garapen ekonomiko iraunkorrerako oinarriak ezartzen dituena. Inbertsio estrategiko horrek azpimarratzen du Udal Gobernuak Durango lehiakorrago eta hobeto konektatuago baten alde egin nahi duela, herritarren ongizatea eta enpresa-sarearen dinamismoa sustatuz. Durango bizitzeko eta lan egiteko leku erakargarriagoa izan dadin beharrezkoak diren azpiegiturak emateko konpromisoa dugu".

Obra horiek burututa, Durangok urrats esanguratsua eman du etorkizun oparoago eta eraginkorrago baterako bidean, eta nabarmendu du gobernu-taldeak konpromisoa hartu duela herritarrei eta enpresei hazteko eta aurrera egiteko behar dituzten azpiegiturak emateko.