Udal musika-bandaren sortzaile eta lehen zuzendaria izan zen Nemesio Bikandiri omenaldi berezi eta sentikorra egin zaio larunbat honetan, azaroaren 9an, bere herrian, Amorebieta-Etxanon. Udalak ekitaldi polit bat antolatu du bere izena daraman kalean bertan.

Ekitaldi honek hasiera eman dio kalearen izendapenaren 70. urteurrenaren harira antolatutako omenaldi-egunari. Nemesio Bikandi kalea 1954an izendatu zen, hain zuzen Bikandik herriari egindako ekarpen artistiko eta kulturalaren aitorpen gisa. 

Omenaldia 11:45ean hasi da Zelaietako kioskoan, Zornotzako Musika Bandaren kontzertuarekin. Bertan, duela 70 urte kalearen izendapenean jotako pasodoblea eskaini dute, Camino de Rosas, alegia. Musikaz girotuta, bertaratu diren pertsonak kalejiran hurbildu dira, Zornotzako Musika Bandarekin batera, Nemesio Bikandi kalera. Bertan, Bikandiren dedikazioa eta Amorebieta-Etxanoko musikari eta kulturari egindako ekarpena nabarmendu dira, berak utzitako ondarearen garrantzia eta udalerriko kultur nortasunean izandako eragina azpimarratuz. Zornotzako Musika Bandak, halaber, Maite izeneko zortzikoa eskaini du, hau ere, duela 70 urte jotakoa. 

“Nemesio Bikandik gure herriko kultur arloan egindako ekarpena ukazina eta funtsezkoa izan da. Horregatik, gaurkoan, gure udalerriarekiko egindako lan eta ekarpen hori guztia omentzeko eta eskertzeko elkartu gara, bere memoria eta bere lanak bizirik irauten baitu, gaur egun, gure herrian jotzen den musika nota bakoitzean”, azaldu du Ainhoa Salterain alkateak. 

Arratsaldean, ekitaldiak jarraipena izango du, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Zornotza Aretoan. Bertan, udal bandako kide ohiak eta beste hainbat lagunek hartuko dute parte.“Antzinako oroitzapenak” izeneko kontzertua eskainiko da, Bikandiren obra musikala nabarmendu eta bere ondarea omentzeko. Bertan, pieza historiko eta adierazgarrien interpretazioak izango dira entzungai.