Agustín Ibarrolaren obra berriro ireki zenetik urtebete igaro den honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak kontserbazioarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa nabarmendu nahi du proiektuaren funtsezko zutabe gisa, eta balantze positiboa egiten du bisitariei eta ekimen teknologiko berriei dagokienez.

Foru-erakundeak eredu jasangarri bat jarri du abian Omako Basoan, bai diseinuan, bai kudeaketan. Basoa diseinatzean bertoko materialak erabili dira, mantentze-lan jasangarriak egiten dira eta une oro errespetatzen dira Basoko espezieak.

Aldi berean, bisita-eredu jasangarri bat ezarri da, bisitari-kopurua kontrolatzeko, aldez aurreko online erreserba-sistema bat erabiliz, jende-pilaketarik ez izateko eta kalitatezko bisita eta Basoaren eta ingurunearen babesa bermatzeko.

2023ko urrian berriro ireki zenetik, 73.998 pertsonak bisitatu dute obra paregabe hau, eta, hala, erreferentziazko kultura-helmuga gisa finkatu da.

Aurten, gainera, erabiltzaileentzako esperientzia hobetu da, eta baliabideak jarri dira bisitariek Agustín Ibarrolaren lana hobeto ezagut dezaten. Mapak eta liburuxkak diseinatu dira, eta web-orri bat garatu da, erabiltzaileei informazioa eskuratzen laguntzeko. Guztira 79.211 pertsonak bisitatu dute webgune ofiziala, eta horrek indartu egiten du teknologia digitalek espazioaren kudeaketa jasangarrian duten garrantzia.

Tresna horiei Omako Basoaren APP bat batu zaie orain, Agustín Ibarrolaren obra bisitatzen dutenen esperientzia hobetzen lagunduko duena.

Berrikuntza teknologikoa, esperientzia aberasgarriagoa izan dadin

Bisitarien esperientzia hobetze aldera, Bizkaiko Foru Aldundiak doako APP berri bat jarri du abian, Ibarrolako obran sakonago murgiltzeko. Aplikazioa Androiden eta iOSen eskuragarri dago, eta audio-gidak, mapa interaktiboak eta informazio xehea eskaintzen ditu, lau hizkuntzatan, bisitariei multzo artistiko bakoitza zehaztasun handiagoz deskubritzen laguntzeko. Teknologiaren osagarri, web-orria eta paperezko mapa bat ere eskaintzen dira; horrek nabarmendu egiten du obra modu jasangarri eta arduratsuan ezagutzen laguntzeko konpromisoa.

Bisitarien gogobetetasuna eta bisita gidatuen eskari gero eta handiagoa

Bisita gidatuen eskaintza egonkorra ere ezarri da, larunbatero eskaintzen baitira, 11:00etan eta 12:30ean. Jendeak oso iritzi ona agertu du esperientziaz, bereziki bisita gidatuez. Gaur egun larunbatetan eskaintzen dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

Baso migratzailea: kontserbazioarekiko eta jasangarritasunarekiko konpromisoa

Lan konplexua izan da Omako Basoa, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, beste kokapen batera aldatzea. Horretarako, diziplina anitzeko lantalde bat aritu da, Fernando Bazeta UPV/EHUko irakaslea buru dela, arte garaikidean eta zaharberritzean adituak diren profesionalekin eta Basalaneko baso-langile talde batekin batera. Proiektu honek aukera eman digu Agustín Ibarrolaren lanaren osotasun artistikoa babesteko, bai eta jasangarritasuna ere hobetzeko, erakusketa-espazioak handitu egin baitira eta galdutako multzoak berreskuratu.

Ingurunearen iraunkortasuna zaintzeko eta kalitatezko bisitak bermatzeko, obra 2023ko urrian berriro irekiz geroztik, bisitari-kopuru mugatuko sistema bat ezarri da, eta aldez aurretiko erreserba egin behar da bizkaia.eus/eu/web/bosque-oma-basoa web ofizialaren bidez. Ikuspegi horrek kalitatezko esperientzia bermatzen du, eta Basoaren inguruko ekosisteman inpaktua ahalik eta txikiena izango dela ziurtatu.

Hedabideetako eragina eta nazioarteko proiekzioa

Omako Basoa berriro irekitzeak oihartzun handia izan du nazioartean, horren berri eman baita hainbat hedabide entzutetsutan, hala nola Le Monde, National Geographic, Welt, El País Uruguay, TF1 (Frantzian ikusle gehien duen telebista-kanala), Art Magazine Alemania, Emons egunkaria eta Avvenire, Libero, Arde edo Le Quotidien de l’art Italiako kanalak.