Produktuak konpontzeko Bizkaia Repara kanpaina abiarazi du Aldundiak
Produktuen konponketa eta arduratsua den kontsumo-eredu iraunkorra sustatu nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko saltokiei bideratutako Bizkaia Repara kanpainaren bitartez. Ekimen honetan parte hartzeko interesa duten dendek 2024ko urriaren 29tik azaroaren 15era arte izango dute izena emateko aukera.
Arantza Atutxa Natura Ingurunearen eta Nekazaritzaren diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, ekimen honen bihotzean etxeko hondakinen prebentzioa dago, hondakinen arloko foru-politiken lehentasun nagusia baita. Bizkaia Repara bonuen bidez, Europako arauak betetzen ditugu, hau da, kontsumitzaileek beren gauzak konpontzeko duten eskubidea defendatzeaz gain, konponketaren tokiko merkatua indartzen dugu, baita herritarrentzako kostuak murrizten ere.
Foru-erakundeak 50.000 euro bideratuko ditu kanpaina horretarako, eta horri esker, 5.000 deskontu-bonu jarri ahal izango dira herritarren esku, atxikitako saltokien artean banatuta. Kanpainak hondakinen sorrera prebenitu nahi du, produktuen konponketa sustatzen baitu. Horretarako, bonu-sistema bat eskaintzen du, kontsumitzaileek 10 euroko deskontua lor dezaten establezimendu parte-hartzaileetan 20 euroko edo gehiagoko kostua duten konponketa-zerbitzuetan.
Kanpainari atxiki ahal izango zaizkio produktu hauen konponketa eskaintzen duten saltokiak: ehunak, osagarriak, oinetakoak, larruzko artikuluak, altzariak, etxeko gauzak, ordenagailuak, periferikoak, komunikazio-ekipoak, aparatu elektronikoak, etxetresna elektrikoak, erlojuak, bitxiak eta etxean erabiltzeko norberaren beste gauza batzuk.
Kontsumo-eredu iraunkorragoa
Bizkaia Repara kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek esteka honetan aurkeztu behar dituzte euren eskabideak, 2024ko urriaren 29tik azaroaren 15era bitartean: www.bizkaia.eus/bizkaiarepara webgunean. Atxikimendu horri esker, kontsumo-eredu iraunkorrago bat sustatzen lagundu ahal izango dute, bezeroei beren produktuak konpontzeko aukera ekonomiko eta arduratsu bat eskainiz.
Izena emateko prozesuari buruzko xehetasunak argitzeko saltokiek www.bizkaia.eus/bizkaiarepara estekara jo dezakete.
Bonuen erabilera
Kanpaina 2024ko abenduaren 9an hasi eta 2025eko martxoaren 10ean amaituko da, eta aukera bat eskainiko die ez bakarrik kontsumitzaileei, beren tresnen bizitza baliagarria luzatu ahal izango baitute, baizik eta konponketan diharduten tokiko saltokiei ere, bezero-fluxu handiagoaren eta euren jardueraren publizitatearen onura jasoko baitute.
Bonuek ez dute kosturik kontsumitzaileentzat, eta atxikitako saltokietan ordaintzeko unean eskatu ahal izango dituzte. Bizkaian bizi den 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak 10 euroko bost bonu jaso ahal izango ditu gehienez. Establezimenduek bezeroaren datuak erregistratu beharko dituzte, eta erosketa-tiketaren kopia bat erantsi, Bizkaiko Foru Aldundiak gaitutako plataforma digital batean.
Bizkaiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren esparruan
Bonuen kanpaina Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako Bizkaiko Toki Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integralaren (BHPKP 2030) barruan dago. Plan honen helburu eta erronka nagusietako bat deskontu-bonuen sistema bat ezartzea da, konponketarako udal-establezimendu, -espazio edo -tailerrak erabiltzen dituzten pertsonei zuzendua, horrela lurraldean hondakinak berrerabiltzea eta murriztea sustatuz.