Lurraldeko udalek 1.130.799.449 euro jasoko dituzte guztira 2025eko ekitaldian. Horietatik 1.120.249.883 Udalkutxatik jasoko dituzte, eta gainerako 10.549.566 euroak Gizarte Zerbitzuen Funtsatik. Ostegun honetan goizean, urriaren 17an, hori onartu egin dute Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren bileran.

Bi funts horiek % 3,47 (37,9 milioi) gehitu dira 2024ko ekitaldian jasotako zenbatekoen aldean eta % 7,49 2024ko likidazioaren aurreikuspenaren aldean (2024ko likidazioaren berri datorren urteko otsailean edukiko dugu).

Gainera, 2025ean, Bizkaiko udalek energiaren eta kreditu-erakundeen aldi baterako kargetako partaidetza ere jasoko dute: 9.799.663 euro.

Bileran, funts horietarako (Udalkutxa eta Gizarte Zerbitzuen Funtsa) 2024ko likidazio-aurreikuspenak ere aztertu dira. Behin betiko datuak datorren otsaileko Finantzen Lurralde Kontseiluan ezagutuko badira ere, itxura guztien arabera, mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei egindako itzulketek bilketan duten inpaktua dela eta, likidazioa negatiboa izango da, 40,895 milioi eurokoa (% 3,74), eta udalek 2025eko otsailetik aurrera itzuli beharko dute zenbateko hori.

Foru Aldundiko eta Bizkaiko udalerrietako ordezkariek adierazi dute, foro honetan, zuhurtzia eta erantzukizuna eskatu behar direla aurrekontu-kudeaketan, eta udal-erakundeen finantza-iraunkortasuna bermatzen jarraitu egin behar dela.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal finantzaketaren banaketaz arduratzen dena, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du. Hamar kide dira: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta beste bostak EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkaritzan ari dira (Bilboko Udala, Amorebieta-Etxanoko Udala, Isparterko Udala, Abadiñoko Udala eta Trapagarango Udala).