Eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatze aldera, Ermuko eta Mallabiako udalek martxan jarriko dute Berbalagun egitasmoaren edizio berria. Astelehen honetan, urriaren 7an, zabalduko da ekimenean parte hartzeko izena emateko epea.
Jende berria ezagutu, dibertitu eta euskara gehiago praktikatu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta izena eman Ermuko eta Mallabiko Berbalagunen. Astean behineko hitzordua ardatz duen proiektuak herritar guztiak animatzen ditu parte hartzera.
Aurtengo kanpainaren leloa ‘Euskara zu zara‘ da. Hiztuna erdian jarrita ekin zion kanpainari aste batzuk AEKren ‘Praktikatu’ zerbitzuak. Ikasturte honetan, euskaldunon komunitatea osatzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu dute aurkezpen oharrean. Hartan honakoa diote: “mintzapraktika programetako partehartzaileek jokatzen duten papera: egunero hizkuntzan trebatu, praktikatu eta bizi garen guztiok euskaldunon komunitatea osatzen dugu, eta horren alde era aktiboan posizionatzen garenean euskara gara denok”.
Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo... Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai euskaraz mintzatzen dira, praktikaren bidez trabatu eta euskaraz bizitzeko, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko. Ideia horixe islatu nahi izan dute, ekimena ezagutzera emateko zabaldu duten bideoan.
Beraz, euskara handitzeko, indartzeko eta euskararekin gozatu eta dibertitzeko bildu zaitezte egitasmora, Ermuan eta Mallabian... Egin zaitezte Berbalagun!
Parte-hartzea doakoa da, eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskura ditzakete. Izena eman nahi izanez gero, esteka honetan egin daiteke.