Síguenos en redes sociales:

Andrés Suárezek kontzertua eskainiko du ostiralean Ermua Antzokian

Datorren ostiralean, urriaren 4an, Ermua Antzokiak kontzertu berezi bat jasoko du Andrés Suárez kantautore galiziarraren aldetik. Bertan, Viaje de ida y vuelta izeneko bere estudioko azken diskoa aurkeztuko du. Kontzertua iluntzeko 20:30ean hasiko da, eta dagoeneko salgai daude sarrerak, 15 euroan. Sarrerak Lobiano kulturgunean erosi ahal izango dira, eta baita Kutxabanken webgunean. Aldez aurretik erosi nahi ez izatekotan, azken sarrerak antzokiko lehiatilan bertan erosi ahal izango dira emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.

Galiziarrak arrakasta ugari lortzen jarraitzen du bere abestien bidez, talentua eta emozioa maisuki uztartuz. Oraingoan, Suarez errepidera itzuli da albuma aurkeztera eta, aldi berean, bere alderdi pertsonalagoa, intimoagoa erakustera: bakarka, alboan izan ohi duen talderik gabe, eta formatu akustikoan. Ermua Antzokia Ferroleko abeslariaren bertsio berri honen lekuko izango da, bere diskografia osoan zehar sortutako bere musikaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko duen emanaldi batekin.

Ez da Andres Suarezek Ermua bisitatzen duen lehen aldia; kantari eta gitarrista 2016an ere igo zen Ermua Antzokiko agertokira, une hartan Mi pequeña historia azken lana aurkeztera. Berea istorio txiki handi bat da, eta dagoeneko bi hamarkada daramatza musikaren munduan murgilduta, bidea batere erraza izan ez den arren. Oso gaztetan, aukera berrien bila Madrilera joan ondoren, Suarezek metroan gitarra jo zuen lehen aldian, dirua galdu zuen, bilketak ez baitzuen billetearen prezioa ordaintzeko ere balio izan. Hala ere, artistak benetan maite duenaren alde borrokatzen jarraitu du, eta dagoeneko hamabi disko ditu atzean.