Bizkaiak 217.000 euro bideratuko ditu berdintasuna sustatzeko jardueretarako
Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak aurrera eramateko 217.000 euroko aurrekontua bideratuko du Bizkaiko Foru Aldundiak, dirulaguntzetan banatuko dena. Dagoeneko zabalik dago laguntza horiek eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea. Dirulaguntza horiek Bizkaiko Lurralde Historikoko 7.000 biztanletik beherako zuzenbidezko biztanleria duten udalerriei eta mankomunitateei zuzenduta daude.
Eskabideak aurkezteko epea 2024ko irailaren 2tik 2024ko irailaren 30era izango da (biak barne), eta aurkezpena egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da nahitaez. Dirulaguntzak Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuaren foru-agindu bidez emango dira, norgehiagoka araubidean.
Eskatzaileek gehienez ere proiektu bat aurkeztu ahal izango dute. Mankomunitate batek eskaera bat aurkezteak ez du eragotziko mankomunitateko kide den udalerri batek eskaera bat aurkeztea.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak egiteko proiektuak diruz lagunduko dira, hala nola:
- Emakumeen ahalduntze pertsonal, kolektibo, sozial eta/edo politikorako proiektuak: partaidetza-prozesuak, emakumeen egiturak edo sareak sortzea edo indartzea, ikastaroak eta tailerrak, etab.
- Berdintasun-politikak zeharkakotzeko proiektuak.
- Lan-proiektuak gizon eta mutil gazteekin.
- Aisialdi eta jai-guneetan genero-ikuspegia txertatzeko proiektuak.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin lotutako proiektuak.
- Haurrekin egiten diren jardueretan genero-ikuspegia txertatzen duten proiektuak.
- Azterlanak edo diagnostikoak egitea udalerrian, desberdinkeria-egoeren gainean, batez ere, eremu sektorialetan (jaiak, kultura, kirolak, aisialdia…).
- Genero-ikuspegia duten proiektuak zainketen arloan.
- Udalerrian berdintasun-sektore estrategikoetan prozesu eraldatzaileak sortzen dituzten proiektuak (zainketen banaketa, landa-eremua, adineko emakumeak eta bakardadea, zahartzea, hirigintza eta joan-etorriak...).
Bereziki balioetsiko dira ikuspegi intersekzionala txertatzen duten proiektuak.
Ikuspegi intersekzionalak aukera ematen du, batetik, proiektuaren garapen globalean modu estrukturalean ikusarazteko eta txertatzeko generoaz harago ere emakumeen bizitzan eragiten duten identitate eta kategoriak (etnia, klasea, dibertsitate funtzionala, sexu-orientazioa, migratzaile/errefuxiatu izaera, adina, nazionalitatea, erlijioa, landa-jatorria, etab.), eta, bestetik, ulertzeko nola teilakatzen diren identitate-kategoriok sexuarekin eta sortzen dituzten diskriminazio eta zapalketa egoerak.
Udalerrian edo mankomunitatean garatu behar dira oso-osoan proiektuak. Proiektuak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra egin behar dira, eta justifikatzeko epea 2026ko urtarrilaren 30ean amaituko da.
Gobernu Kontseiluak uztailaren 18ko bileran onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Dekretua, zeinaren bidez onartzen baitira, 2024ko ekitaldiaren kontura, Bizkaiko Lurralde Historikoko 7.000 biztanletik beherako zuzenbidezko biztanleria duten udalerriei eta mankomunitateei dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jardueretarako.