Asteburu honetan Lekeitioko kaleak artearen agertoki bihurtuko dira Kaleka ekimenaren 35. edizioarekin.
Horrela, uztailaren 4tik 6ra, Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak kale arteak herriko gune esanguratsuenetara ateratzeko apustuari helduko dio berriz ere. Hiru egunez, Lekeitioko kaleak eszenatoki bilakatuko dira, diziplina anitzeko 13 ikuskizun hartuz, Euskal Herriko zein nazioarteko konpainien eskutik. Ikus-entzuleak parte-hartzera eta esperimentaziora gonbidatuko ditu jaialdiak, proposamen berritzaile eta hunkigarrien bitartez.
Egitaraua askotarikoa eta oparoa da: 10 ikuskizun Kaleka Programa Ofizialaren barruan eta 3 Kaleka Scratch atalean eskainiko dira. Zirkua, dantza garaikidea, objektuen antzerkia, performance poetikoak eta formatu parte-hartzaileak uztartzen ditu aurtengo eskaintzak.
Kalekaren programa ofizialean, ikuskizunak, performanceak eta esku-hartze artistikoak eskainiko dira Lekeitioko hainbat gunetan, toki esanguratsu zein ezezagunetan. Scratch: atalean berriz, sorkuntza-prozesuan dauden lanen erakustaldiak, ikus-entzuleekin elkarrekintza eta gogoeta egongo dira.
Beraz, 35. edizio hau ez da jaialdi hutsa, kultur mugimendu bizia baizik, kale arteak eta komunitatean sustraitzen duena, kale arteak herritarren eskura jarriz, hurbiltasunez eta ausardiaz.
Egitarau osoa Kalekaren webgunean dago eskuragarri.