Síguenos en redes sociales:

Aurrekontu Parte-hartzaileen azken fasean sartu da Durango

Datorren astelehenean, irailaren 9an, sartuko da azken fastean Durangoko 2025eko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesua. Fase honetan, durangarrek hautatutako proposamenak bozkatu ahal izango dituzte, Udalak ekimen horretara bideratutako 200.000 eurori buruz zuzenean erabakitzeko. Nahi duenak irailaren 23ra arte bozkatu ahal izango du.

Edizio honetan, 39 proposamen jaso dira guztira, eta, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu ondoren, 17 aukeratu dira, ezarritako irizpideak betetzen dituztenak. Proposamen horiek hiru arlo tematikotan sailkatu dira: "Durango", "Gazteria" eta "Adinekoak". Hauek dira orain herri-bozketara aurkezten diren proposamen hautatuak:

Durangorako Proposamenak: 24tik 10 proposamen

  • Durangoko kaleen azterketa, suteei dagokienez: 25.000 €
  • San Agustin eremua, Zeharkalea zubia eta Durangoko garbitegiak hobetzea: 100.000 €
  • Tenis-pistetako batzuetan zoladura ordezkatzea, euriteetan putzuak saihesteko: 75.000 €
  • Durangoko katu koloniaen kudeaketa globala: 18.000 €
  • Bide Hezkuntza: 5.000 €
  • Sukaldaritza Ikastaroa: 10.000 €
  • Parke Berdea: 100.000 €
  • Juan de Iciar iturriaren egokitzea: 7.000 €
  • Durangoko zaintza parte-hartzailearen diagnosia: 15.000 €
  • Durangoko parkeetan frontoi txikiak: 100.000 €

Gazteentzako Proposamenak (Gazteak): 9tik 5 proposamen

  • Play it - Musika Jaialdia: 50.000 €
  • Sexu Lokala – Orientazio sexualerako zerbitzua: 35.000 €
  • Lehiaketak Durangon: 10.000 €
  • Tabirako 7 futbol zelaiaren argiztapena: 30.000 €
  • Bizikletentzako aparkalekuak eta elementuak, Totem konponketa: 10.000 €

Nagusiakentzako Proposamenak (Nagusiak): 6tik 2 proposamen

  • Adinekoentzako auzoetan edukiontzi lagunkoiak: 50.000 €
  • Sasikoarako Hiri Altzariak: 8.000 €

Bozketak irailaren 9tik 23ra egingo dira. Udalerrian erroldatuta dauden eta 16 urte edo gehiago dituzten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute.

Durangarrek proposamen bat hautatzeko aukera izango dute ezarritako eremu bakoitzean. Lehenik eta behin, Durango osorako interes orokorreko proposamen bat aukeratu ahal izango dute, gehienez ere 100.000 euroko aurrekontuarekin. Gainera, udalerriko gazteei berariaz zuzendutako proposamen bat aukeratu ahal izango da, 50.000 euroko aurrekontu-mugarekin. Azkenik, Durangoko adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko proposamen baten alde bozkatzeko aukera eskainiko da, 50.000 euroko gehienezko aurrekontuarekin.

Bozketarako sarbidea errazteko, herritarrek parte hartu ahal izango dute https://partehartu.durango.eus/es/webgune ofizialaren bidez. Bertan, NAN edo IFK bidez identifikatu beharko dira. Gainera, eten digitala gainditzeko asmoz, Udalak bozkalekuak jarriko ditu: Intxaurrondon 9:00etatik 13:00etara astelehenetik ostiralera, eta Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) Udaletxean.

Durangoko Udalak 800.000 euroko partida bideratu du Aurrekontu Parte-hartzaileen edizio honetarako. Horietatik 200.000 euro aukeratutako proposamenak finantzatzeko erabiliko dira aurten, eta gainerako 600.000 euroak herriko auzoetan proposamenak garatzeko. Bigarren partida hori datozen hilabeteetan jarriko da martxan. 

Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuak herritarren inplikazioa sustatu nahi du udal-erabakiak hartzerakoan, durangarrei beren ingurunea eraikitzen eta hobetzen zuzenean laguntzeko aukera emanez.

Asier Perugorria partaidetza zinegotziak azken fase honen garrantzia azpimarratu du, "funtsezkoa da herritarrek beren udalerriko inbertsioei buruz erabakitzeko aukera izatea. Aurrekontu parte-hartzaileek, pertsonak ahaldundu ez ezik, tokiko demokrazia indartu eta Durango inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa sustatzen dute".

Durangoko Udalak udalerrian erroldatuta dauden pertsona guztiak animatu nahi ditu bozketan parte hartzera, haien inplikazioa funtsezkoa baita guztion behar eta interesekin bat datorren etorkizuna eraikitzeko.