Síguenos en redes sociales:

Galdakaok astelehenean hasiko ditu Urreta kiroldegiko lanak

Uda iristearekin batera, Galdakaoko Udalak berrikuntza-lanak hasiko ditu Urreta kiroldegian. Obrak datorren astelehenean, uztailaren 1ean, hasiko dira, eta espero da 22 hilabeteko iraupena izatea. Erabiltzaileei ahalik eta kalte txikiena eragiteko, faseka egingo dira.

Lehenengo fasea uztailaren 1etik 14ra garatuko da. Kiroldegia zabalik egongo da baina lanek eragina izango dute solairu nagusiko aldagela eta bainugela batzuetan. Hainbat lan egiten hasiko da lehen hamabostaldi honetan: hormak eta zorua berritzen, aldagelen distribuzioa aldatzen eta irisgarritasuna hobetzen. Erabilgarri egongo diren guneak eta sarrerak behar bezala seinalatuta egongo dira eta harrerako langileek erabilerari buruzko zalantzak argituko dituzte.

Uztailaren 15etik abuztuaren 31ra kiroldegia itxita egongo da bere osotasunean. Beste aldagelak berritzeko lanak hasiko dira eta dutxa zein komuna barruan dituzten aldagela irisgarriak eraikitzen. Sarrera ondoan dagoen eremua da eta igerilekurako zein kantxarako bide erdian dagoena. Ezingo da bertatik pasatu, eta beraz, itxi egingo da kiroldegia. 

Irailetik aurrera hasiko dira kiroldegia handitzeko lanak. Solarium gisa ezagutzen den gunea da eraikitzeko erabiliko dena: hutsik dagoen kuboa erabilgarri jarriko da, eta bi solairu eraikiko dira gune horretan. Fase honetan egingo den lehen gauza lur azpian dagoen sotoa egokitzea izango da, eta, besteak beste, suteen aurkako babesak areagotuko dira. Handitze lan horiek egiten diren bitartean erabilgarri egongo da kiroldegia.

Lan horiek amaitu ondoren ekingo zaio solarium gunean bi solairu eraiki eta teilatua jartzeari. Beheko eta lehenengo solairuetan bi gune diafano egongo dira, askotariko ekintzetarako edo gimnasio berria ezartzeko. 

Guztira 22 hilabete inguru beharko dira lanak amaitzeko, eta orduan, mila metro koadro gehiago izango ditu Urretako kiroldegiak. Erabiltzaileek aspalditik eskatzen duten gimnasioa izango du, azpiegitura berrituak eta kantxan aireztapen naturala.

Horretarako, ordea, garai batzuetan enbarazu egingo zaie erabiltzaileei lanek irauten duten bitartean. Ahalik eta kalterik txikiena eragiteko plangintzak ezarriko ditu Udalak, baina, izan daitezkeen kalteen aurrean, ulerkor eta pazientziaz jokatzea eskertzen die Udalak erabiltzaileei.

Era berean, Udalak jakinarazten du Urretako kiroldegia itxita egongo den bitartean (uztailaren 15etik abuztuaren 31ra) Elexaldekoa zabalik mantenduko dela, erabiltzaileen kaltea arintzeko.

Honakoa izango da ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera, 09:00-22:00
  • Larunbatetan, 09:00-20:00
  • Igande eta jaiegunetan, 09:00-14:00