Síguenos en redes sociales:

Uztailaren 1ean irekiko ditu ateak Ermuko igerileku estaligabeak

Hainbat hilabetetako lanen ondoren, uztailaren 1ean irekiko ditu ateak Ermuko Betiondoko kirolguneko estaligabeko igerilekuak. Hala, ermuarrek denboraldia amaitu arte, hau da, irailaren 15era arte, gozatu ahal izango dute kanpoko igerilekuaz.

Betiondo kiroldegiaren albo batean dago instalazioetara iristeko sarbidea, eta ordutegia 10:30etik 20:30era izango da egunero. Igerilekuen sarreran komunak, komun egokitua, bi aldagela, botikin bat eta janari eta edarien makinak daude. Dutxak erabili nahi izanez gero, Betiondo kiroldegiko aldageletara sartu ahal izango da.

Eremuaren guztizko edukiera, ur-gunea eta berdegunea batuta, 1.121 pertsonakoa da. Igerilekua baso bakarrekoa da, eta haurtxoentzako gune bat (0-2), gaztetxoentzako beste gune bat eta helduentzako espazioa eskaintzen ditu, gehienez 1,45m-ko sakonerarekin. Berdeguneari dagokionez, hamar bat eguzkitako balinesa jarri dira eguzkiaren izpietatik babesteko.

Udal kirol zerbitzuetako bazkide diren pertsonek instalazioak koste gehigarririk gabe erabili ahal izango dituzte. Gainerako erabiltzaileentzat, tarifak honakoak dira:

  • Noizbehinkako banakako sarrera: 5,25 euro
  • Junior abonua (18 urtetik behera): 34,10 euro
  • Helduen abonua (18 urtetik gora): 57,50 euro
  • Familia-abonua (24 urtetik beherako seme-alabak): 91,50 euro

Igerilekura autoz joaten diren pertsonentzat 148 plazako aparkalekua prestatu da, horietako bi egokituak. Bizikletaz iristen direnentzat, Betiondoko kirolguneak aparkaleku bat du igerilekuko sarbidetik metro gutxira.