Getxoko Udalak ezagutzera eman du aste honetan 2026an martxan jarriko den eta udalerriko bigarrena izango den haurreskolaren kokapena. Bada, haurreskola berria Romo Ikastetxe Publikoaren eraikin hexagonalean kokatuko da.
Zentro horrek 34 plaza eskainiko ditu, Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasunaren arabera banakatuta: 0 eta 1 urte bitarteko haurrentzako 8 plaza izango dituen gela bat, eta 1 eta 2 urte bitartekoentzako bi gela, bakoitza 13 plazakoa.
Mihaela Jilavu Hezkuntza zinegotziak adierazi duen bezala, “2024-2027 Legegintzaldi Planean jasotako ekimena da, eta aldi horretan gure udalerriarentzat ilusioz beteriko 10 proiektuen barruan dago. Getxok, 2010az geroztik, Algortako Egunsentia haur-eskola du, bertan gutxienez 84 plaza eskaintzen dituela. Bigarren zentro honi esker, guztira 118 plaza eskaini ahal izango ditugu, gutxienez, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat”.
Obra 2025eko abenduan bukatzea aurreikusten da eta plaza berriak 2026tik aurrera egotea erabilgarri. Obraren zati bat finantzatzeko, dirulaguntza bat eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari, Europar Batasuneko Next Generation funtsen kontura (ebazteke dago). Behin betiko proiektu xehatua 2024ko uztailerako amaituta egotea espero da, eta, ondoren, hurrengo urratsak emango dira Haurreskolen Partzuergoaren eskakizun guztiak betetzeko beharrezko egokitzapen-obra lizitatzeko.
Obraren kostua, guztira, 900.000 euro ingurukoa izango da, eta 612.000 euro finantzatu ahal izango dira, gehienez, Next Generation funtsen kargura.
Zentro berriak, Algortakoak bezala, Udalaren mantenimendua eta zaintza izango du, eta HAURRESKOLAK Partzuergoak kudeatuko du, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren bidez.